Angiolilloren bueltan esku ugari lanean

Arritxu Barruso 2013ko mai. 19a, 02:00

Azkenaldian galtzen ari den arren, Euskal Herrian beti izan dugu auzolanerako tradizio handia. Izan ere, makina bat gauza egin daiteke auzolanean: errepide bat konpondu, leku bat txukundu, bazkari bat antolatu edo eraikin bat margotu. Bada, liburu bat ere egin daiteke auzolanean, eta horixe erakutsi dute Aitor Arantzabal bergararrak, Angiolillo Liburutegiak eta proiektuan parte hartu duten lagun guztiek.

Espetxetik espetxera 

Aitor Arantzabalek espetxean izan zen denboran idatzi zuen Angiolillori buruzko liburua. Proiektuak, beraz, espetxean hasi zuen ibilbidea eta baita amaitu ere: Angiolillo preso egon zen espetxean, hain justu. Pasa den zapatuan, Bergarako kartzela zaharrean, auzolanean egin zuten liburuaren muntaia.

Ibilbide horretan asko izan dira modu batera edo bestera lagundu duten eskuak: "Jende askok egin du posible liburua. Koldo Izagirre idazlea –informazio pila bat eman zigun–; neskalaguna, koadrila eta familiartekoak –zaila zen arren, ezkutuan informazioa sartzen zuten espetxean nintzenean–; despistatuko funtzionarioa ere bai, zergatik ez; Angiolillo Liburutegia... Eta, azkenik, joan den zapatuan liburuaren muntaian lagundu zuten herritar guztiak", azaldu digu Aitor Arantzabalek.

Angiolillo Liburutegiko arduradunak ere pozik daude zapatuko hitzorduak emandakoarekin: "Oso esperientzia polita izan zen. Uste baino jende gehiago batu ginen eta bi orduan bukatuta geneukan lan guztia. Hasiera-hasieratik argi geneukan liburu hau auzolanean egin beharreko zerbait zela. Angiolillorekin zor handia daukagulako bergararrok", azaldu digu Aser Polvorosak. 

Liburua ekainaren 14an aurkeztuko dute Bergarako gaztetxearen 13. urteurreneko ospakizunen barruan. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak