Rosario Garitano: "Aurten ere 30 bat lagun elkartuko gara Pazkoetako martitzenean"

Arritxu Barruso 2013ko mai. 18a, 02:00

Rosario Garitano aurpegi ezaguna da Bergaran, eta ez Ugalde dendan emandako 45 urteengatik bakarrik. Pentekoste jaietan sekula ez du hutsik egiten eta Aratusteetan ere urtero-urtero mozorrotzen da lagunekin batera. Batekin eta bestearekin berriketan egitea gustatzen zaio. Pozik dago ekainaren 29an berarendako horren berezia den San Pedro parrokia irekiko dutelako berriro, baina, era berean, triste, aurreikusitako konponketa guztiak ezin izango direlako egin, diru faltagatik.

Pentekoste jaiak hasiko dira gaur. Parrandarako prest?

Bai. Herriko jaiak egun bereziak dira niretako. Sekula ez dut hutsik egin. Egunero irteten naiz kalera, egun bakoitzak bere kutsu berezia duelako. Domeka, esaterako, familian pasatzeko eguna izaten da; bandaren kontzertura joan, familiarekin bazkaldu... Martitzenean, berriz, koadrilakoak irteten gara. Aurten ere 30 lagun inguru elkartuko gara. 

Aratusteetan urtero mozorrotzen den horietakoa zara. 

Bai. Hor ere ez dugu hutsik egiten. Gero eta gutxiago gara mozorrotzera animatzen garenak, baina aurten ere hiruzpalau lagun elkartu gara. Benidormera zihoazen turistaz mozorrotu ginen eta Bergarako kaleetan barrena Benidormera eramango gintuen autobusaren bila ibili ginen. Oso ondo pasatzen dugu beti Aratusteetan.

Askok dendan emandako urteengatik ezagutuko zaituzte. 

15 urterekin hasi nintzen nire izebaren dendan lanean. Oso ondo gogoratzen ditut hasierako urte haiek. 60ko hamarkada zen eta bi edo hiru denda besterik ez zegoen Bergaran. Baserritarrak Elosutik, Angiozartik eta Antzuolatik etortzen ziren plazan egiten zen azokara. Hotz egiten zuenean, izebak salda beroa eskaintzen zien. Denak ezagutzen genituen eta guztiekin egiten genuen berriketan.

Gero, Bidekurutzetan, zeuk ipini zenuen denda, ezta?

Bai. 1987an neu bakarrik gelditu nintzen Bidekurutzetako denda txikian. Han emandako urteen oroitzapen oso ona daukat. Jendearekin hitz egitea ikaragarri gustatzen zait eta oso aberasgarria da niretako. Pena handiarekin itxi nuen denda, oso gustura nengoelako. Jendeak kalean gelditu egiten ninduen eta galdetzen zidan ea orain nora joango ziren galdezka, oso gustura etortzen zirelako niregana. Horrelako gauzak oso pozgarriak dira. 

Elizaren bueltan ere lan asko egiten duzu. 

Bai. Ahal dudan guztia. Astelehenetan, esaterako, Mizpirualdera joaten naiz meza esaten laguntzera eta bertako egoiliarrei bisita egitera. Lagun batek eskatu zidan fabore moduan eta gustura asko egiten dut. Esan behar dut astelehenak iristeko zain egoten naizela Mizpirualdera joan eta bertako jendearekin egoteko. Arrasateko San Juan de Dios ospitalera ere joaten naiz noizean behin.  

Argi dagoena da jendearekin eta lagunekin harremanetan egotea gustatzen zaizula. 

Zalantza barik. Uste dut etxean sartuta eta jendearekin harremanik izan gabe ezin izango nintzatekeela bizi.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak