Ziklismoaz eta pilotaz gozatzeko aukera

Jon Berezibar 2013ko mai. 16a, 19:57

Pentekoste sarian amateurrak izango dira protagonista • Bergara Hiria txapelketako finalak hilaren 20an jokatuko dituzte.

Pazkoetan kirolaz gozatzeko aukera izango dute bergararrek. Bi izango dira protagonista: ziklismoa eta pilota. Amateurrendako 78. Pentekoste saria hilaren 19an jokatuko dute. Gainera, Bergara Hiria txapelketako finalak hilaren 20an izango dira eta profesional mailakoen jaialdia, hilaren 21ean.


19-23 urte artekoak

Amateur mailako ziklista onenak bilduko dira Pentekoste sarian. 19 eta 23 urte artekoendako lasterketa Lehendakari Txapelketarako puntuagarria izango da. Parte-hartzaileek 122 kilometroko ibilaldia egin beharko dute. Azken urteetako berbera. Bergaratik Elgoibarrera joango dira, lehenik, eta handik Zubillagako biribilguneraino. Ibilbide hori bi aldiz egingo dute. 103. kilometroa Angiozarren beteko dute. Handik Asentziora igoko dira, eta, Kanpanzarren behera, Elorregira joango dira. Helmuga Bergarako San Antonio auzoan egongo da.
Ibilbide horretako puntu erabakigarriena Asentzioko igoera izango da. Lehen aldapak oso gogorrak dira. Ziklistek badakite, puntu gogorrena izanda ere, tropeletik ihes egiteko unea ere izan daitekeela.
Proba 09:00etan hasiko dute, eta, antolatzaileek aurreikusitako batez bestekoa betetzen bada, irabazlea 12:00 aldera helduko da helmugara.


Debagoieneko ziklistak

Bergarako irteera puntuan amateur mailako punta-puntako taldeak eta txirrindulariak egongo dira. Besteak beste, Lehendakari Txapelketa irabazteko hautagai nagusiak. Era berean, errepidean egongo dira Debagoieneko ordezkariak: Kanpanzar Harrobiak eta Debabarrena taldeetako ziklistak; eta Jon Odrizolola oñatiarrak zuzentzen duen Eki Sport taldeko Eneko Lizarralde bergararra eta Aitor Umerez oñatiarra.


Profesionalak eta amateurrak

Bergarako jaietan jokatzen den Pentekoste saria Euskal Herriko proba zaharrenetakoa da. 78. aldia beteko du hilaren 20an, eta palmaresak erakusten du profesional eta amateur mailetako ziklista onenak egon direla Bergaran. 1932an Vicente Truebak irabazi zuenetik, besteak beste, Ruiz, Barrutia, Gandarias, Etxabe, Ruiz Cabestany, Indurain, Diaz Zabala, Flores eta Perdiguerok parte hartu dute Pentekoste sarian. 2007an Jonathan Castroviejok irabazi zuen eta iaz Caja Rural taldeko Ramon Dominguez izan zen azkarrena.

Bergara Hiria pilota finala

Bergara Hiria pilota txapelketako finalean Beñat Rezusta bergararra egongo da –nagusien mailan–. Finalak hilaren 20an, astelehenean, jokatuko dira, Udal Pilotalekuan, 19:00etan.
Maiatzaren 7an jokatutako  final-laurdenean lortu zuen bergararrak finalerako txartela. Nagusien mailan lehiatu da Rezusta, Jaka bikotekidearekin. Final-laurdenean 22-17 irabazi zuten Urbieta eta Diaz bikotearen aurka. Rezustak ez zuen ohiko mailarik eskaini final-laurdenean, baina, hala ere, Jakak ondo bideratu zuen lehia. Lehiaren hasierako tantoak nahiko berdinduak izan ziren. 15-15eko berdinketara arte markagailua estua izan zen; baina lehiaren azkeneko txanpan gogor estutu zuten Jakak eta Rezustak. Hala, 22-17 irabazi zuten.

Nagusien mailako bigarren final-laurdena hilaren 14an jokatu zuten: Yoldi/Tolosak 22-12 irabazi zion Larrañaga/Peña bikoteari.

Gazteen mailan Altuna-Imazek eta Irribarria-Xanetek jokatuko dute finala. Altunak eta Imazek hilaren 7ko final-laurdenean lortu zuten finalerako txartela, 22-11 irabazita Dario eta Sanchez bikoteari. 42 minutu behar izan zuten Altunak eta Imazek 22 tanto egiteko. Euren aurka lehiatuko den Iribarria-Xanet bikoteak hilaren 14ko finalaurrekoan lortu zuen finalerako txartela. Iribarri-Imaz eta Mikel Gallastegi (Bergara)- Ibarrondo ibili ziren nor baino nor gehiago Bergara Hiria pilota txapelketako finalerako txartela lortzeko. 22-11 izan zen emaitza.

Profesionalak eta amateurrak

Pentekoste jaietan, ohikoa den moduan, pilota partidu profesionalak ere egongo dira. Bergarako Udaleko Kirol Zerbitzua buru-belarri ibili da lanean Aspe enpresarekin batera herrira pilota partidu bikainak ekartzeko. Erredakzioa itxi dugunean, oraindik zehaztu barik zuten ze pilotari etorriko diren Bergarara. Partidua hilaren 21ean izango da, martitzenean, 17:00etan.

 

Herri kirolak: erakustaldia eta tailerra

Hilaren 21ean, 12:00etan, herri kirolak izango dira protagonista San Martin plazan. Erakustaldia egingo dute Bihurri eta Hodei Ezpeleta aita-semeek, Joseba Ostolatzak, Karlos Ruiz de Aretxabaletak eta Ana Berasategik.
Lehenengo biak aizkorarekin egingo dute lan. Gainera, Ruiz de Aretxabaleta eta Berasategirekin bikote eginez lehia gogorra izango dute biek ala biek. Askotariko probak egingo dituzte, bikote onena nor den erabaki arte. "Lehia polita izango da. Semeak 13 urte ditu, baina badauka esperientzia. Bergaran, 8 urterekin egin zuen lehen erakustaldia", esan dio GOIENAri Ernesto Ezpeleta Bihurri-k. Ondoren, Ruiz de Aretxabaletak eta Berasategik Iparraldeko jokoen erakustaldia egingo dute: lastoa jaso eta bota, txingak eroan, zakuekin lasterketak egin... eta beste hainbat egingo dituzte. Herri kirolen erakustaldia bukatzeko, Joseba Ostolatza harri-jasotzaileak hainbat lan egingo ditu pisu ezberdineko harriekin.


Tailerrean parte hartzeko deialdi irekia

Erakustaldia bukatu ondoren, herri kirolen gaineko tailerra egingo dute San Martin plazan bertan. Bergarako Udalaren proposamena "gustura" onartu du Bihurri-k. "Koadrilen arteko herri kirol txapelketa egin izan dute orain dela gutxira arte Bergaran. Nik neuk eramaten nuen probak egiteko materiala. Txapelketa ederra zen, ikusteko eta parte hartzeko. Baina, galdu egin da", gogoratzen du Bihurri-k. Ohitura horiek berreskuratze aldera, herri kirolei buruzko tailerrak "ezinbestekoak" direla uste du. "Herri kirolak zer diren, eta herri kiroletan erabiltzen dugun materiala nola egin daiteken erakutsiko dugu tailerrean", dio. Herritar guztiak gonbidatu ditu. Deialdia irekia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak