Batetik, pegatinak aterako dituzte, iazko ekimena indartuz. Pegatinok Jardunek banatuko ditu jaietako zapiekin batera, eta tabernetan, txosnetan eta beste hainbat lekutan ere jarriko dituzte herritarrek hartzeko eta arropan itsasteko. Hain zuzen, Udalak animatu nahi ditu herritarrak pegatina "alkandoran, kamisetan, poltsan edo nahi duten lekuan jartzera, eta horrela ingurukoei berdintasunaren alde daudela adieraztera". Eta gehitzen dute: "Arazo hauek ez dira pertsonala, banakoei gertatutakoak, pribatuak edo intimoak; gizarteko balioetan daude. Denoi eragiten digu honek, eta denon ahalegina eskatzen du aldaketak".
Gomendioak emango dituzte
Pegatinekin batera, jai-giro parekidea emateko, jaietako egitarauan zenbait gomendio ere emango dituzte galdera batetik abiatuta: Zer da jai-giro parekidea? Bada Udal arduradunek garbi dute: "Emakumeek eta gizonezkoek aukera berdinekin festaz gozatzeko egunak izatea lortu nahi dugu".
Horretarako ematen dituzten gomendioen artean daude: bateragarritasunez jokatzea, "etxeko lanak eta zaintza-lanak etxeko emakume eta gizonezkoen artean partekatuz, denok festaz gozatzeko aukera izateko"; emakumeei eta gizonezkoei egozten zaizkien ohiko rolak gaintzea, "ekintza guztietan emakumeek eta gizonek parte hartuz"; jarrera sexistarik gabe aritzea, "emakumeak bigarren mailan lagatzen dituzten jarrera guztiak alde batera lagata, –hala nola, emakumeak objektu gisa aurkezten dituzten komentarioak eta ekintzak–, eta sexualitate arrazoiengatik inor gutxietsi gabe –homofobia eta transfobia barik–; eraso sexistarik gabe jardutea; eta baita erantzukizunez ere.
Tabernariek arreta berezia
Tabernariei sexu erasoren baten lekuko izanez gero, egoki jokatzeko zenbait proposamen ere eman nahi izan dizkiete: "Izan ere, emakumeek erasoak eta indarkeria urteko edozein unetan jasan arren, ez dugu ahaztu behar festa guneetan eraso hauek ere gertatzen direla. Datuek hala erakusten dute".