Gazte zein heldu, guztiek ongi pasatzeko moduko Pentekoste jaiak antolatu dituzte Bergaran. Egubakoitzean San Martin plazako txupinazoak eta Bitorianatxoren jaitsierak emango dio hasiera festei. Aurtengo txupinazoa berezia izango da. 33 urtez festa batzordean egon diren Luis Mari Gutierrez "Guti" eta Felix Iñiguez "Felixin"ek botako dute txupinazo bikoitza "eurendako berezia izango da eta festetako komisioa lagatzen dutenez sorpresatxoren bat ere egingo diegu" dio Maider Osa kultura teknikaria.
Berrikuntza ugari
Txupinazo bikoitz hori ez da nobedade bakarra izango. Urte askoren ostean, festetan bolo txapelketa egingo dute egubakoitz gau eta zapatu arratsaldean. Zapatuan ere, nagusiek bakailao lehiaketan dabiltzan bitartean, etxeko txikiek taloak egiteko tailerra izango dute. Domekan giza mahai futbol erraldoia egongo da plazan. Bigarren asteko astelehenean gazteentzako Dj Thobeen eta Lore Power jaialdia ere antolatu dute Munibe plazan.
Festak antolatzeko esfortzu berezia egin du Udalak, izan ere, aurtengo Pentekosteek 10.000 euroko murrizketa izan dute-eta. Edurne Korta kultura teknikarien arabera "ekintza arrakastatsuenak errespetatu ditugu, baina gainontzeko partidak apur bat jaitsi ditugu". Hala ere, barrakek ihazko prezioak mantenduko dituzte.
Herri bazkaria
Jaiak hasi aurretik 800 txartelak salduta zeudenez, herri bazkaria ekitaldi nabarmena izango da. Eguraldiak laguntzen badu San Martin plazan egingo dute, eta bestela, Labegaraietako kiroldegian izan beharko da. Txartelak erosi dituzten adin txikiek alkoholik ez edateko, udalak ura eta freskagarriak emango dizkie. "Festak era egokian pasatzea nahi dugu eta horretarako ez dago alkoholaren beharrik" dio Osak.
Pentekosteetaz gozatu nahi duten gainontzeko Debagoiendarrek gainera, gaueko 12etatik goizeko 6ak arte Antzuola, Elgeta eta Eskoriatzatik autobus zerbitzu bereziak izango dituzte.