Harrezkero, hiru aldiz agertu zitzaion gotzainari San Migel kobazulo hartan. Gargano mendiko San Migelen santutegia erromesendako leku garrantzitsu bihurtu zen eta kristautasunaren eremuan eragin handia izan zuen.
San Migel Txiki jaiak
Italiako Gargano mendian izan zen istorio hori V. mendean, 490. urteko maiatzaren 8an. "Horren harira, San Migel izena hartu zuten mundu osoko hainbat tontor eta elizek; tartean, Angiozarko Goimendi auzoan dagoen ermitak. Maiatzaren 8an ospatu izan dira hemen beti jaiak. San Migel Txiki jaiak ere ospatzen dituzte data horren bueltan Oñatin, esaterako", argitu du Jose Anjel Mikeok, Angiozarko auzo-alkateak. Angiozarko Goimendi auzoko jaietan, San Migelen jatorria jasotzen duten istorioa kontatzen duten erretaulak jarri dituzte aurten hango ermitan. Joan den domekan egindako ospakizunetan jarri zituzten.
Trintxerak
Erretaula horiek aurten jartzearen arrazoia da 75 urte pasa direla ermita hori konpondu zutenetik, gerra zibilaren ondoren. "Mende laurdena pasa da gerra zibilaren barruan tropak hemendik pasa zirenetik. Ermitaren behealdean ikus daitezke oraindik orduan eraikitako trintxerak. Gure amak kontatzen zuen ermita konpontzea egunerokotasunera bueltatzeko modua zela. Gerrako gertaera horiek pasa eta normaltasuna, egunerokotasuna, berreskuratu gura zuten eta bide horretan garrantzitsua zen eurendako San Migel Monte ermita konpontzea eta txukuntzea", kontatu du Mikeok.
Orduko kontu-liburua
Gaur egungo itxura 1863an hartu zuen ermitak, 1820an egindako elizari elizpea gehitu ziotenean. Egun Angiozarko parrokian gordeta dagoen orduko kontu liburuak jasotzen duenez, bidekoei aterpea eskaintzeko eta batzarrak egiteko lekua izateko egin zuten elizpe hori.
1936-1937 urteetan bizi izandako Espainiako gerraren ondorioak ere jasotzen ditu liburuak beste dokumentu batean, berriz ere elizan meza emateko baimena eskatzeko eta behar ziren berritze lanak egiteko. Denbora horretan galdu egin zen aurretik zegoen San Migelen irudi barrokoa; buru barik eta erdi erreta agertu zen karobian.
Labrazatik Angiozarrera
Goimendiko San Migel Monte ermitan jarri dituzten artelanen kopia horiek XVI. mende hasierako Arabako Errioxako Labraza herrikoak dira jatorriz, nahiz eta egun Gasteizko Elizbarrutiko museoan dauden ikusgai.
XVI. mendean margotutako eta aldarea osatzen zuten taula haien kopiak dira Angiozarko ermita horretan jarri dituztenak. Tauletako baten nekazaria azaltzen da balezta eskuan duela kobazuloan gorde den zezenari jaurtitzen; hurrengoan, baserritarra ageri da gotzainaren aurrean, gezia begian duela; hirugarrenak prozesioa irudikatzen du eta San Migelen agerkundea laugarrenak. Berpizkunde garaiko taulen kopia horiek jartzeko baimena Elizbarrutiko Arte Sakratuaren museoak eman die auzotarrei, jatorria azaltzeko baldintzapean.