Angiozarko trikitilari eta pandero-joleek aurkeztu dute euren diskoa

Txomin Madina Milikua 2013ko mai. 14a, 18:30

Trikiti eta pandero doinuak izan ziren nagusi atzo iluntzean Angiozarko San Miguel elizan. Arrazoia? Bertan aurkeztu zutelako Angiozarko trikitilari eta pandero-joleen eskolakoek grabatu duten diskoa. Aurkezpena gainera, dakiten eran egin zuten, diskoan jasota dauden piezetako batzuk auzokideen aurrean joaz.

Urduritasunak alde batera utzi eta ausart jo zituzten ikasleek hilabetetan ikasi eta praktikatutako doinuak. Doinuok gainera, askotarikoak izan ziren: esaterako, John Ryan’s polka ezaguna entzun ahal izan zuten kontzertura joan zirenek; baita besteak beste Oskorriren Gaztelugatxe, Mikel Urdangarinen Badira hiru aste edo Urepeleko artzaia bezalakoak ere.

Ikasle bakoitzak bi abesti grabatu ditu diskorako, eta bi horietako bat jo zuen bakoitzak egubakoitzeko emanaldian. Horrek baina, ez du esan gura batek jo bitartean beste guztiak isilik edo geldi zeudenik. Izan ere, dela panderoa jotzen, dela abesten, trikitilari bakoitzak beti zuen lagunen bat agertoki gainean. Zentzu horretan, une kuriosoak ere bizi zian ziren, esaterako Mila eta Maialane ama-alaba eta era berean eskolako ikasleek batera jo zutenean. Kontzertuaren amaieran bestalde, denek batera jo eta abestu zuten eskolakoek eurek sortu duten Pobreziaren negarrak pieza.

Ehundik gora izan ziren kontzertua ikustera joan ziren ikusleak, eta aurreikusitakoa baino leku gehiago behar izan zuten; hauek, gainera, behin baino gehiagotan hartu zuten parte kontzertuan, txaloka eta kantuan.

Diskoaren truke janaria

Ekimen berezia burutu zuten gainera aztoko kontzertuan: janari poltsa bat eroaten zuenari disko bat oparitu zioten. Ekimenak izandako arrakastarekin gustura zeuden antolatzaileak: 65 disko banatu zituzten, denak agortu ziren eta 70-80 kilo janari batu. Bai janaria eta baita diskoaren truke jendeak emandako dirua caritasendako izango dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak