"Gorlako Igoerak 22 urte egingo ditu, eta jaso dugun eskaera kopuruaz bistan da pilotuek lasterketa hau maite dutela, ibilbidea gustuko dutela", adierazi digu aste barruan Gorlaracing taldeko Xabi Zabaletak.
Urteurrena ospatzeko, gainera, lasterketak oihartzun handiagoa izateko lanean ibili dira antolatzaileak, eta eguaztenean prentsaurrekoa egin zuten Lainon, aurtengo xehetasun guztiak azaltzeko.
Debagoiendar asko
Biharko lasterketan ibarreko pilotu asko egongo dira irteera puntuan; 20, guztira. Antolatzaileek azpimarratu duten moduan, "goraipatzekoa da krisi garai hauetan izena eman duen pilotu kopurua". Kopuruaz gain, kalitatea ere aipatu dute antolatzaileek: "Clio autoek ikuskizun polita eskainiko dute".
Igoerak azken urteetan ospe handia hartu du eta aurten Manuel Cobo Espainiako txapeldunak parte hartuko du. Haren Porche 911k begirada ugari erakarriko ditu. Autoak ez dira ikuskizun bakarra izango. Urtero moduan, Gorlako Igoerako ibilbideak ere emango du zeresana. Bihurguneak, igoerak, errepide estuak... Eguraldiak laguntzen badu, ikusleek gogotik gozatuko dute.
Segurtasuna oso presente
Ezbeharrak saihesteko, antolatzaile nahiz txapelketako komisarioek segurtasun kontuak asko azpimarratu dituzte. Ohar horrekin batera zirkuitua garbi mantentzeko dei ere egin dute.