Aurkeztu dute Bergarako jaietako txosnearen egitaraua, "inoiz baino anitzagoa" izateko asmoarekin

Amaia Txintxurreta Guridi 2013ko maiatzaren 8a

Txosna Batzordea azken urteotako anitzena izan dela esan dute batzordeko kideek, eta gauzak horrela, txosna gunea ere inoiz baino anitzagoa izatea espero dutela azaldu dute. Datorren egubakoitzean irekiko dituzte txosnak eta aurten martitzenera arte egongo dira zabalik. Txosna gunean izango diren emanaldien artean, hauexek egongo dira, besteak beste: Fiachras, Gozategi, Irrien Lagunak, Anje Duhalde, Emon eta Dj Bull.

Datorren egubakoitzean, hilak 17, emango zaie Bergarako jaiei hasiera eta aurten ere Bergarako Txosna Batzordeak txosna gunerako hainbat ekintza antolatu ditu. Atzo egin zuten egitarauaren aurkezpena eta Txosna Batzordeko kideek esan zuten, murrizketei aurre egin eta krisiaren gainetik apustu handia egin eta ikaragarrizko egitaraua osatu dutela.

Unai Arantzabal Txosna Batzordeko kideak hauxe gaineratu zuen: "Aurten Txosna Batzordea azken urteetako anitzena izan da, gazteak, euskalgintzako eragileak, eragile politikoak, sozialak, sindikalak, kirol mundukoak... Gauzak horrela, txosna gunea ere inoiz baino anitzagoa izatea espero dugu".

Egitaraua

Datorren egubakoitzean, hilak 17, gaueko 21:00etan irekiko dituzte txosnak eta Bizio, Fiachras eta Gozategi taldeen kontzertuak egongo dira Bideberrin.

Zapatuan, hilak 18, elkartasun bertso bazkaria egingo dute eta txartelak salgai egongo dira 12 eurotan Arrano eta Kortazarren. Zapatuan izango diren kontzertuak, berriz, hauexek izango dira: Guaka, Iheskide eta Kop taldeenak.

Domeka arratsaldean, hilak 19, Irrien Lagunen saio bat egongo da txosna gunean eta ondoren Anje Duhalde igoko da agertokira. Bigarren urtez jarraian, film laburren lehiaketa ere egongo da eta ikusleek sarituko dituzte lanak.

Astelehena koadrilen eguna izanda, herri kiroletan eta ondorengo bazkarian parte hartzeko deia luzatu dute. Horiek amaitzean, Bideberrin Laket taldearen eskutik erromeria izango da. Ondoren, Bergarako Emon taldeak bere lan berria aurkeztuko du txosna gunean eta horren ostean Dj Bull arituko da musika jartzen.

Berrikuntzak

Aurtengo berrikuntzen artean dago plazako txosnan tonbola jarriko dutela eta bada beste berritasunik ere; azkeneko urteetan txosnak martitzenean ez ziren irekitzen baina aurten zabaldu egingo dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak