Nolatan sartu zinen politikan?
Beti izan naiz ezker abertzaleko militante eta Euskal Herritarroken lehenengo zerrendan sartzeko aukera izan nuen eta, horrela, hauteskundeetan babesa jaso eta sartu nintzen udalbatzan.
Bi agintalditan egon zara lanean; bizipen asko izango dituzu, ezta?
Bai, egia esan, bizipen asko ditut. Gainera, egoera desberdinak bizi izan ditut bi agintalditan; izan ere, lehenengoan, EHrekin, oposizioan geunden. Su-eten garaia zen, Lizarra-Garaziko akordioaren garaia… Bigarren agintaldia guztiz desberdina izan zen, hauteskundeetan guk irabazi genuen eta zuzenean gobernuan sartu ginen eta ez ginen oposizioan egon, aurreko lau urteetan bezala. Bigarren agintaldian askoz gusturago egon nintzen. Gehiengo absolutua geneukan, Aralarrekin akordiora iritsi ginelako. Gainera, harreman oso estua eta polita genuen gure artean eta oso aberasgarria izan zen niretzako.
Gauzak batera, elkarlanean eginda, hobeto egiten dira, ala?
Bai, bai; baina hobeto egiteaz gain, aberasgarria da, ze bakoitzak bere arloan gauza batzuk kontrolatzen ditu eta beste batzuek beste batzuk; beti ikasten da zerbait elkarlanean. Lehenengo agintaldian nahikoa gaizki pasa genuen; gogorra izan zen, su-etena bertan behera geratu eta beti horma baten aurka egiten genuen. Edozer gauza proposatu eta beti udal gobernuaren horma gogorra genuen aurrean.
EAJ gobernuan urte askotan izatetik, udala zuen esku geratzera pasatu zen.
Bai, oso aldaketa handia izan zen. Sartu ginenean mugimendu handia egon zen udaletxean. Gai asko jorratu ziren eta proiektu asko atera genituen aurrera.
Ilegalizazioak ere bizi izan dituzu.
Bai, bi ilegalizazio sentitu eta bizi izan ditut; amorrua ez, baina inpotentzia sentitzen duzu, gauzak egin nahi, gauza asko arduraz egin eta dena bat-batean bertan behera geratu zen. Aurrera egiteko, edozein pausu emateko, kontu handiz egin behar genuen guztia, politikoki gauzak nola ikusten ziren, zein ondorio izango ziren kontuan hartu behar zen. Niretako mingarriena oposizioak sartutako mozio etikoa izan zen. Harreman ona genuen eta egun batetik bestera mozio etikoa-rekin etorri ziren, niretako oso gogorra izan zen.
Zure egitekoak, gehien bat, Ogasunarekin lotutakoak izan ziren.
Bai, gehien bat ogasun sailean egon nintzen. Egin genuen gauzekin oso harro nago, zor handia zegoen gu sartu ginenean eta asko jaistea lortu genuen; pentsa, 13.000.000 euroko zorra egotetik 11.000.000 euro egotera pasa zen, zorra 2.000.000 eurotan jaistea lortu genuen. Gauzak egitea posible dela erakutsi genuen. Halaber, uraren tarifa ere aldatu genuen, zenbat kontsumitu hura ordaindu, ideia aurrera eraman eta proiektuak aurrera egin zuen.
Orain, urteak pasa direla, oroitzapen onak dituzu?
Oroitzapen oso onak ditut, berriz ere sartuko nintzatekeen udalean, ze asko ikasten da, oso aberasgarria da ikusten duzulako nola funtzionatzen duen halako instituzio batek, harremanak egiten dituzu, herriarentzako lan egiten duzu, herritarrekin harremana izan eta kontaktua izaten duzu. Lan asko da, baina merezi du. Guk, gainera, ez genuen dietarik kobratzen, gaur egun oso modan dagoen gaia dela ikusita… nik ez nuen ezer kobratu.