244 txirrindularik hartu dute parte Aspanogiren aldeko martxan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko maiatzaren 5a

Bergarako Lokatza ziklismo eskolak antolatuta, sei mendate eta hiru bailara zeharkatu dituen ibilbidea egin dute, 105 kilometro guztira. Aspanogi elkarteko lagunak pozik daude ekintzak izan duen erantzunarekin,. "Gure mezua zabaltzen laguntzen digute horrelako ekimenek", esan du presidenteak, Jose Luis Fernandez aretxabaletarrak.

Asteburuko kirol kronikak

244 txirrindulari atera dira goizean Bergarako Lokatza txirrindulari eskolak antolatutako martxa zikloturistan. Kirola egiteaz gain, bazuen beste mezu bat martxak. Aspanogi elkartearen aldeko irteera zen. Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearen aldekoa, alegia. "Gipuzkoatik ez ezik, Bizkaitik ere etorri dira eta bakarren bat baita Burgosetik ere. Urtetik urtera jende gehiago etortzen da eta aurtengo harrerarekin oso pozik gaude. Martxak badu elkartasun mezua, eta kirolariek ondo erantzun diote", esan du antolakuntza lanetan ibili den Unai Asurmendik.

Sei mendate

Bergarako Agorrosin kirol gunetik atera dira txirrindulariak 09:00etan eta Oñatirako bidea hartu dute. Pedalka, Udana, Aztiria, Barbari, Liernia, Mandubia eta Elosuko gainak bizikleta gainean pasa ondoren, 13:00ak aurretik ziren lehenengoak bueltan Agorrosinen. Barbariko jaitsiera izan da ibilbideko puntu beltzetako bat, obratan ari direlako eta bidea estua delako, baina ez da arazorik izan. "Egia esan ez dugu arazorik izan zirkulazioarekin, oso ondo egin dugu buelta", zioen amaieran Donostiako Iñaki Osak. "DYAak egindako parteak dio bi erorketa bakarrik egon direla, biak Gorlatik behera. Oso ondo joan da martxa", zehaztu du Unai Asurmendik.

Helmugara heldutako gehienak, baina, ibilbidearen gogortasuna eta nekea aipatzen zuten, irribarrea ahotik kendu barik, hori bai. Izan ere, izerditu arren, buelta gustura egin dutela aitortu dute denek. Mokadutxoa ahoan zutela, ibilbidean izandako sentsazioak izan dituzte hizpide guztiek.

Jose Luis Fernandez Aspanogiko presidentea: "Minbizidun haurrak ere aurrera ateratzen direla erakutsi gura dugu"

Aspanogi elkarteko presidentea da azken bi urte hauetan Jose Luis Fernandez aretxabaletarra. Izen-emateekin batutako dirua elkartearendako izango da.

Zer iruditu zaizu martxa?
Laugarren aldiz egin dugu Lokatzakoekin, eta pozik gaude. Aurten ere erantzun ona izan du.

Kirola barik, elkartasun martxa ere izan da, ezta?
Bai. Aspanogiren izena zabaltzea gura dugu guk horrelako ekintzekin. Kirola egin gura duenak egiten du, eta guk gure mezua zabaltzen diegu herritarrei.

Zer lan egiten du Aspanogik?
Minbizia duten Gipuzkoako haurren gurasoen elkartea da eta gure egoitza Donostian dago. Ume bat minbiziz gaixotzen denean, umeari eta gurasoei laguntzeko gaude gur. Esan gura diegu familia horiei ez direla bakarrak, kasu gehiago ere badaudela. Harremanetan jartzen ditugu familiak, ikusteko umeak aurrera ateratzen direla, badagoela irtenbidea.

Hemen batutako dirua besteko garrantzia izango du mezu hori zabaltzeak, ezta?
Dirua garrantzitsua da, bai, baina baita gure elkartearen berri eman eta jasotzea ere. Jendeak jakin behar du elkarte bat badagoela prest laguntzeko. Gure beharra duen edonork, gure web orrian sar daiteke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak