Goimendiko San Migel Monte baseliza konpondu zela 75 urte

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 3a

Gerra Zibilaren ostean, duela hiru mende laurden, konpondu zuten Goimendiko –Angiozar bailara– San Migelen Agerkundearen Baseliza, eta urteurreneri lekua egingo diote asteburuan ospatzekoak diren auzoko jaietan. 12:00etan meza esango dute; 12:30ean Labrazako margolanen azalpena emango dute –Gargano mendiko San Migelen agerpena–; 12:40ean, luncha eta erromeria„ eta 13:00etan, jolasak. 

San Migel Goiaingerua 490 urtean agertu ei zen, maiatzaren 8an, Gargano mendian (Apulia, Italia): 

"Siponteko herritar batek etxeko ganaduen arteko zezenik onena galdu zuen, eta, bila irtenda, kobazulo baten sarreran zegoela ikusi zuten. Ugazabak, zezena handik izutu nahian, gezi bat bota zion, baina bide erdian buelta hartu eta berari sartu zitzaion begi batetik; hala ere, bizirik iraun zuen.

Gargano mendiko San Migelen miraria; eta Gotzaiaren aurrean.

Gertatutakoaz harriturik, gotzaiari kontatzera joan zen gizona. Gotzaiak hiru eguneko baraualdi eta otoitzaldia agindu zuen, eta kobazulo aurrera joan zen peregrinazioan. Han zeudela, San Migel Goiaingeruaren presentzia antzeman zuen, eta kobazuloan bertan eliza bat egiteko gogoa azaldu zion: Ni San Migel Goiaingerua naiz, eta beti Jainkoaren aurrean nago. Leze hau sakratua da niretzat; nire aukerakoa da. Ez da gehiago zezenen odolik isuriko. Harkaitzak alderik alde zabaltzen diren lekuan, gizakiaren pekatuak barkatu egingo dira. Hemen, otoitzean eskatuko dena onartu egingo da. Beraz, leze hau kristau elizatarako erabil ezazue.

Baina gotzaiak sinestu ezinik jarraitu zuen, eta tarte horretan barbaroen inbasioen arriskua eskualde osora zabaldu zen. San Migel berriz ere gotzaiari agertu, eta adierazi zion fede sendoa izanez gero ez zegoela zertan beldurrik izan, eta halaxe inbaditzaileek atzera egin zuten. Obispoak dudatan jarraitzen zuen hala ere, eta Aita Santuarengana joatea erabaki zuen, aholku eske. Aita Santuak gertatutakoa entzun, eta, ostera ere, kobazulo aurrean hiru eguneko baraualdi eta otoitzaldia egiteko agindu zion. Hirugarren aldiz azaldu zen San Migel, oraingoan dudarako biderik eman barik. Gotzaiari esan zion ez zegoela koba hura konsagratu beharrik, konsagratuta zegoela-eta, Goiaingeruaren presentziarekin.

Prozesioa; eta deabruaren aurkako borrokako garaipena.

Barrura sartu zirenean, harriduraz ikusi zuten altare bikain bat zapi gorri batez estalita eta kristalezko gurutze bat gainean. Sarreran oin baten lorratza zegoen, harrian markaturik, Goiaingeruaren bisitaren adierazgarri". 

Gargano mendiko Santutegia (Gargano, Apulia-Italia).

Gargano mendiko San Migelen santutegia peregrinazio leku garrantzitsua bihurtu zen, eta Kristautasunaren eremuan eragin handia izan zuen. Erroman, esate baterako, Garganon agertu ondoren, San Gregorio I Aita Santuak izurritea kentzea lortu zuen San Migelen irudia Adrianoren mausoleo gainean ikusi ondoren (orain Castel Sant’Angelo famatua dena). VIII. mendean, Abranchesko apezpikuak santutegi bat eraikiarazi zuen Normandiako uharte batean, han ere San Migel hiru aldiz agertu ostean. 

Euskal Herrian, garai beretsuan, VIII. mendekoa da Aralarren San Migel Goñiko Teodosiori agertu zitzaioneko istorio ezaguna. Kasu honetan ere mendi tontorrean dagoen kobazuloan agertu zen San Migel, herensugea menperatuz eta Teodosio bere kateetatik askatuz. 

Nolabait, kristautasunak tokian tokiko aurreko erlijioaren leku sakratuak zelan "kristautu" zituen kontatzen digute mito ikutua duten istorio hauek. 

Ermitaren istorioa liburu batean 

Goimendiko San Migelen ermitako fundazio liburuaren sarreran dator auzoko bilgune den ermita honen nondik norakoa; erdaraz dago idatzita. Liburua gaur egun Angiozarko Parrokian dago gordeta, urtetan erdi galduta egon ostean, Jesusa Askasibarrek Zulota Azpikuan aurkitu zuen arte. 160 urteko oroitzapenak, gertaerak eta ehun urteko (1863-1961) diru kontuak jasotzen dituen dokumentua da, eta gertaera historikoak, sinismenak, klima ezaugarriak, eta Goimendiko etxeen zerrenda osoa ere badakartza. "Eredugarria da gaurko goimendiarrontzat eta angiozartarrontzat, gaur egun ere liburuak eta kontuak zelan jaso daitezkeen erakusten baitu, kateari jarraipena emanez, gure ondorengoentzat oroigarri izan dadin", diote auzotarrek.

1863-64ko lanak

Gaur egungo itxura, 1863an hartu zuen ermitak, 1820an egindako elizari elizpea gehitu ziotenean. Dokumentuan azaltzen denez, bidekoei aterpea eskaini eta batzar lekua izateko egin zen elizpea. 

Harria atera eta haraiaren garraioa auzokoen artean egin zen, eta lanak 1963-64 urteen artean egin ziren; 1964ko San Migeleterako bukatuta zeuden lanok. 

1936ko Gerra osteko konponketa lanak eta bedeinkazioa

1936-37an bizi izandako Espainiako Gerraren ondorioak ere jasotzen ditu liburuak beste dokumentu batean, berriz ere Elizan meza emateko baimena eskatzeko eta behar ziren berritze lanak egiteko. Denbora horretan galdu egin zen aurretik zegoen San Migelen irudi barrokoa; buru barik eta erdi erreta agertu zen karobian.

Labrazako Taulak

Goimendiko San Migelen ikus ditzakegun artelanen kopia hauek XVI. mende hasierako Arabako Errioxako Labraza herrikoak dira jatorriz, nahiz eta gaur egun Gasteizko Elizbarrutiko Museoan dauden ikusgai; bertara joan beharra dago orijinalak ikusi nahi izanez gero.

Labraza (Arabako Errioxa).

Labrazako San Migel Elizan gaur egun ikus daitekeen aldare nagusiaren aurretik beste bat egon zen. 

XVI. mendean margotutako eta aldarea osatzen zuten taula haietako seitan Apostoluak agertzen dira binaka, elkarrekin berbetan; beste lautan, San Migel Gargano mendian agertu zenekoaren kontakizuna agertzen da. Lau taula horien kopiak dira Goimendiko San Migelen ikus daitezkeenak. Tauletako batek San Migel zeruetako garaile azaltzen du, deabrua menperatuz. Hau izango zen, seguru asko, aldarearen gorenean zegoena, eta beste hirurak –Bidentea, Prozesioa eta San Migelen Agerkunde– Gargano mendian, azpian, egongo ziren. Margolanok Berpizkunde garaikoak diren arren, beranduko gotikoari dagozkion zenbait ezaugarri dituzte, bai egituran bai paisaiaren tratamenduan.

1752an, desmontatu egin zuten aldarea oraingo berria jartzeko. Ordutik hainbat lekutan egon dira, Arabako Museoan eta Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoan, nahiz eta Labrazakoak diren jabeak, gaur egun ere.

Goimendin kopia hauek jartzeko baimena Elizbarrutiko Arte Sakratuaren Museoak eman du, jatorria azaltzeko baldintzapean.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak