Bergarako Pol-Pol mendi taldearen lehen 30 urteetako ibilbidea argazkitan

Goiatz Arana Begiristain 2013ko maiatzaren 2a

Mendi taldeak 1942tik 1971 urtera arteko argazkiak jarriko ditu ikusgai Bergarako Aroztegi aretoan: garai haietan irteerak nola egiten ziren erakusten duten askotariko argazki zaharrak, 40 guztira; eta taldearen hasiera azaltzen duen panel bat ere egongo da. Bihar, egubakoitza, irekiko da erakusketa –19:00etan egingo da aurkezpena–, eta hilaren 19ra arte egongo da zabalik.

Luis Bikuña, Pedro Marco Gantxegi, Antonio Raizabal, Alberto Osinaga, Anjel Jauregi, Ignacio Muruamendiaraz bergararrek eta Manolo Zubia eibartarrak mendira joateko zuten zaletasunari irtenbide bat eman nahian jaio zen Pol-Pol elkartea. 1942ko martxoaren 15a ahaztezina dute. Egun horretan, zazpi mendizaleren ametsak egia bihurtu ziren, Txoko tabernan, gaurko Deportibon, Simon Arrietak pintatutako horma iragarkiak berehala jaso baitzuen erantzuna: mendizale elkarte bat sortzeko deialdira herritar ugari azaldu zen. Horrela, eta Felix Iñarra buru zela, sortu zen Pol-Pol mendizale taldea.

Garai haiek ez ziren oraingoak bezalakoak, eta lan asko egin behar izan zuten frankismo garaian mendi elkarte bat sortu ahal izateko, "politika asuntotan sartuko ziren beldurrez", baina elkartea sortzeko beharra sentitu zuten, mendia izugarri atsegin zuten-eta.

Elkartea osatzeko orduan dena trabak izan ziren –gobernadorearen baimena lortu beharra, subentziorik eza...–, baina elkarteko lehen presidente Felix Iñarrak oso ondo lan egin zuen elkartearen alde, mendian biltzen zirenek ere lanari ekin zioten, eta gaur, oraindik, lan haren fruituak jaso ditzakegu. 

Harreman estua baserritarrekin

Lehendabiziko urteetan, askotariko lanak egin zituzten: buzoiak jarri, iturriak eraiki, edateko urik ez zuten baserrietan ur instalakuntzak egin... beste aktibitate askoren artean. Pol-Poleko zenbait bazkidek baserritarrekin zuten harremanari esker ematen ziren askotan halako laguntzak.

Hasiera batetan ez zen kuotarik ezarri, aportazio edota kaxa jartzen zen. 1943tik aurrera, aterpetxearen proiektuarekin hasi zirenean, 250, 500 eta 1.000 pezetako ekarpenak ezarri ziren.

Izena iturriari zor

Pol-Pol mendizale taldeak izen bereko iturriari zor dio bere izena, 1926an eraiki zen iturriari. 1960an, egoera kaskar xamarrean zegoela-eta, berritu egin zuten mendizale taldeko kideek.

Pol-Polek sei egoitza ezberdin ezagutu izan ditu: 1942tik 1950era bitartean Oilagorra tabernaren sotoan –submarinoan kokatu ziren mendizale taldearen bulegoak–; handik aurrera 1965era arte, Artekalera, lehen Paldai taberna zegoen ondoko lokal batzuetara pasa ziren; 1965etik 76ra Komenio kaleko San Pedroko parrokiako etxearen azkeneko pisuan jarri ziren; eta 1976tik 2010era Komenio 2ko beheko solairuan; Komenio kaletik azokara pasa ostean, gaur egun frontoian dago Pol-Polen egoitza.

Kamioia jendez beteta eta kantuan

Hasierako urteetan, Larraitzen tipi-tapa hasi eta Uharte Arakiletik Aralarko San Migelera egiten zituzten ibilaldiak oso ospetsuak izan ziren. Buruhauste ederrak, ordea, Larraitzerainoko bidaia antolatzerakoan sortzen zitzaizkienak. Normalean, kamioia jendez bete eta, kantu batean, hantxe joaten ziren. Beste batzuetan Txori Urdinean, hau da, Inazio okinaren furgonetan abiatzen ziren.

60ko hamarkadara arte, Txindokira igotzeko, esaterako, bezperan irten behar izaten ziren. "Haiek bai irteerak haiek!", diote.

Mendizale sutsuek mendi lehiaketak antolatzen zituzten noizean behin: ibilaldi neurtuak... 1942-43 denboraldian lehen sari banaketak egin ziren: Urbiako zelaietan, Felix Iñarra presidenteak domina bana banatu zien, sari modura, Pol-Poleko lehen mendizale fin haiei.

Mugaz gaindi

Mendi irteera gehienak Euskal Herriko mendietara egiten baziren ere, mugaz bestaldeko gailurretara iristea lortu zuten bergarar mendizaleek. 1959an Antonio Arin, Kontxi Mintegi eta beste lagun batzuk Mont Blanc-eko gailurra zapaltzea lortu zuten. Bergararren "balentria" La Voz de Españako lehen orrialdean agertu zen. Herrian zeudenek notizia ezagutu zutenean, ia ezin zuten sinistu ere egin. Aurreko urtean eibartarrek egindako saiakeraren ostean, bergararrek izugarrizko garaipena lortu zuten Frantziako Alpeetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak