Gurean, ahotsak eta abesbatzek garrantzi handia dutela konturatuta, Bergarako Musika Eskolak, ahotsa bereziki zaindu duen arloa da. Horregatik, gazteen trebakuntzan zehar, abesbatzan parte hartzeko aukera izaten dute.
Iluntzeko kontzertuan, kantari gazteak hiru abesbatzatan batu dituzte: hasiberrien abesbatza ( 5-8 urte bitarteko haurrak), haurren abesbatza (9-12 urte bitartekoak) eta Gabero (12 urtetik gorakoak). Gazteenek Brasil eta Afrikako abesti herrikoiak kantatuko dituzte. Bigarrenek musika erlijiosoa eta The Police edo The Beatles taldeen doinuak tartekatuko dituzte. Emanaldia borobiltzeko, nagusiek askotariko doinu motak uztartuko dituzte. Emanaldiak ordubete iraungo du eta Santa Marina parrokiak toki dezente duen arren, garaiz joatea komeni da.
Kantaldi hau aurtengo Apirilean Musika zikloaren azken emanaldietako bat izango da. Izan ere, hurrengo zapatuan soka taldeak Orioko topaketan egingo duen emanaldiaren ondoren, maiatzaren 14ko ipuin pedagogikoa besterik ez da faltako.