Bizikletan ibiltzea atsegin dutenek aukera bikaina dute domekero

Ane Miren Etxeberria 2013ko maiatzaren 1a

Euria, elurra, hotza, beroa… nahiz eta eguraldia eskasa izan, edo primerakoa, domekero-domekero bizikleta hartu eta herritar talde bat 'palmera'-n elkartzen da bizikletan buelta bat ematera joateko. 

Txirrindularitza atsegin dute guztiek, eta, talde txiki bat izatetik, hau da, lagun arteko plana izatetik, talde handi bat sortzera pasa da. Domekero 09:00etan elkartzen dira Ibargarai kaleko palmera-n; hortik, taldearen izena. Talde irekia da; hortaz, nahi duen orok parte har dezake irteeretan. Baldintza bakarra hau da: mendiko bizikleta gustuko izatea; eta umore ona izaten bada nagusi, hobeto.

Poliki-poliki taldea osatuz eta handituz joan da; adin askotariko 25 bat pertsonak osatzen dute taldea eta orain dela gutxi webgunea eta jantziak atera dituzte. Horrenbestez, argi dago talde serio eta antolatua dela. 

Informazio gehiago nahi duenak taldeko webgunea kontsulta dezake (http://webdiseinu.es/palmerakuak/) edo, bestela, domekaren baten palmera-n agertu. 

Askotariko irteerak

Egiten dituzten mendi bueltei dagokienez, denetarikoak dira, batzuk beste batzuk baino gogorragoak eta luzeagoak, baina nork bere erritmora egiten du buelta. Orain arte mendi buelta hauek egin dituzte, besteak beste: Elorriora buelta, Irimora igoera gogorra, Bergarako hainbat auzo bisitatu, Elgeara, eta beste hainbat.  

Domekero izanda, batzuetan talde handia elkartzen da eta beste batzuetan, txikiagoa; parranda zelakoa izan den, nabaritu egiten da taldean; hori ikus daiteke, behintzat, taldearen webguneko elkarrizketetan. 

Elurretan ibiltzea ere gustuko dute taldeko zenbait kidek; hori ikus daiteke, behintzat, euren bideoetako baten.

Herritar guztiei irekita

Hortaz, herritar guztiei irekitako domeketarako proposamena eta parte hartzeko dei egiten du Palmerakuak taldeak. Goizeko bederatzietan elkartzen dira, domekero. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak