Bergarako eta Gipuzkoako bolo txapelketa, aurtengo Pazkoetan

Jon Berezibar 2013ko apirilaren 30a

Datorren maiatzaren 17tik 21era ospatuko dira aurtengo Pazko jaiak Bergaran, eta Udaleko kultura sailak prest du dagoeneko egitaraua.Herri bazkarirako txartelak dagoeneko salgai daude 15 eurotan.

Bolo txapelketa

Ohi denez, Bitorianatxoren jaitsierarekin hasiko dira aurtengo herriko jai nagusiak. Maiatzaren 17an izango da hori, 20:00tan. Segidan, udal musika bandak kalejira egingo du, eta herritarrak jaietaz gozatzen hasiko dira. Bingo erraldoia, giza futbolina, argazki lehiaketa, urteroko pilota partiduak eta bolo txapelketa dira, esaterako, ekitaldietako batzuk.
Jaietako lehen egunean egingo dute, hain zuzen ere, Bergarako bolo txapelketa. Gauerdian izango da, 24:00tan, eta San Joxepeko bolatokian egingo dute. Herriko Bolo Kirol Klub-ek antolatu du, eta bolatokia 21:00tatik aurrera egongo da zabalik. Hurrengo egunean, Gipuzkoako bolo txapelketa jokatuko dute toki berean, 17:00tan.


Talo tailerra umeendako

Beart elkartearen laguntzarekin, aurten ere egingo dute haur eta gazteendako plastika sariketa. Zapatu goizean izango da hori, San Martin plazan. Sari banaketa, eguerdian izango da. Eta horren aurretik, taloak egiteko tailerra egingo dute umeendako, plazan bertan.


Eta umeei lotuta, aurten ere egingo diote ongietorria jaioberriei. Iazko Pentekoste jaietatik aurtengo jaietara bitartean jaio diren bergarar txikitxoei, ekitaldi berezia eskainiko zaie udaletxeko osoko bilkuren aretoan. Ondoren, argazki bateratua aterako dute udalaren kanpoaldean, artxibo aldeko eskaileretan.
Arratsaldean, errekortadore gaztetxoen eta gazteen txapelketa izango da seminarioko zezen plazan. Euskal Herriko errekortadoreen ikuskizuna eta errekortadore eskola ibiltaria ere jasotzen ditu aurtengo Pazkoetako egitarauak. Haurrendako jolas-parkea, apar festa eta goitibehera txapelketa ere bai.


Herri eta bertso bazkariak

Koadrilen egunerako bazkaria ere antolatu dute aurten. Ohi denez, San Martin plazan izango da, astelehenean, eta eguraldi txarra eginez gero, Labegaraietako kiroldegian prestatuko dute jangela. Bazkarirako txartelak 15 eurotan daude salgai ondorengo toki hauetan: kultura etxean eta Depor, Ariznoa eta udal pilotalekuko tabernetan. Bazkaldu ostean, kafe-kantu saioa egongo da. Eta aurretik, eguerdian, tabernen arteko herri kirolen txapelketa zezen plazan.
Bestalde, zapatuan, bertso bazkaria egingo dute txosna gunean, txosna batzordeak antolatuta. Alaia Martin eta Aitzol Barandiaran izango dira bertsolariak. Jaiak hasiko diren egunean, ikasle bazkaria ere izango da Bideberrin.


Irrien lagunak eta Duhalde

Horrez gain, kontzertuak, laburmetrai eta argazki lehiaketak eta baltsa jaitsiera ere jasotzen ditu, bestalde, txosnetako egitarauak. Musikari dagokionez, esaterako, 2zio, Fiachars eta Gozategi taldeek joko dute hilaren 17an, jaietako lehen egunean, eta zapatuan, Gauka, Iheskide eta Kop taldeek. Domekan, berriz, Irrien Lagunak etorriko dira Bideberrira, eta iluntzean, kontzertua egingo du hantxe Anje Duhaldek. Gauean, 23:00tan, II laburmetrai lehiaketa egingo dute. Astelehenean, Emon eta DJ Bull-ek joko dute, besteak beste.
Herrixa Dantzan ekimena, jota eta abesti latinoen kontzertua edo dantzaldiak ere egongo dira aurtengo Pazkoetan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak