21:30 aldera abiatu ziren Agorrosinetik, eta 03:00ak arte ibili ziren mendiko bizikletan; denetara, 22 kilometro egin zituzten, 700 metroko desnibelarekin.
Honakoa diosku Iker Osa antolatzaileak: "Egiten zuen eguraldirako, oso ondo irten zen. Hasieran 80 lagun zeuden izena emanda, eta egunean beste 12k eman zuten izena; zegoen giroa ikusita, ez da gutxi. Azkenean, guztira 75 lagun irten ziren, eta ez zen inolako istripurik izan, gezurra badirudi ere!"
Leku askotik etorri zen jendea: Bilbotik, Donostiatik, Laudiotik, Zarauztik eta baita Astudillotik ere. "Uste dugu jendea pozik geratu dela esperientziarekin, eta ez da inor galdu. Batzuk despistatu ziren apur bat, hala ere".
Antolatzaileek "eskerrak" eman nahi dizkiete lagundu duten guztiei: "Etxe babesleak, I2 kirolak, Igartua, Kaiku, Eroski, Mas por Menos, Bankoa, Embalan 3 eta bereziki Palmerakuak kolektiboari, boluntario bezala egin duten lanagatik. Koadrilako lagunei eta Lokatzako Mikel Larrañagari ere eskerrak".