Maila bakoitzean gainera emakume bat edo beste izan zen lehen postua lortzeko borrokan. Maila bakoitzeko txirrindulariek 8 bira eman behar izan zieten 800 metroko ibilbide arriskutsuari. Izan ere, euriak gogoz bota zuen lasterketako momentuan eta errepidea oso bustia zegoen. Aurten gainera, Labegaraietako pista alde batera utzi eta lasterketa herrigunera ekartzeko apustua egin dute antolatzaileek "erakargarriagoa baita eta herritarrak gerturatzea errazagoa izateaz gain, kirol hau sustatzeko ere eraginkorragoa da".
Sailkapenari dagokionez, Kimu maila lehena Ander Blaquez oñatiarra izan zen, bere atzetik Xabier Isasi urretxuarra eta Mikel Orbea azkoitiarra iritsi ziren helmugara. Haur-mailan aldiz, Elgoibarko Imanol Alvarez gaztea izan zen garaile, bere atzetik Iñaki Salaberria urretxuarra eta Ion Astigarraga elgoibarra iritsi ziren helmugara.
Parte hartzaileen adierazpenak
Ander Blazquez, Kimu mailako garaileak zera esan zigun: "Oso pozik nago eginiko lasterketarekin. Ibilbidea polita zen, baina nahiko arriskutsua, San Pedro kalean bihurgune oso itxi bat zegoen eta nahiko kontuz pasa behar zen bertatik. Errepidea gainera oso bustia zegoen".
Imanol Alvarez, haur mailako garailea ere oso pozik azaldu zen "bai oso pozik nago eginiko lanarekin. Errepidea oso bustia eta arriskutsua bazegoen ere asko gustatu zait ibilbidea. Etorkizunean profesionala izatea nahi dut, nahiz eta oso zaila den, asko entrenatu behar da eta".
Antolatzaileak ere pozik ziren, nahiz eta eguraldiak ez zuen lagundu, hori adierazi zuen behintzat Asier Penabad lasterketako arduraldunak: "oso pozik gaude, nahiz eta eguraldiak ez digun lagundu ez dira erorketa asko egon. Gainera, aurten lasterketa herrigunera ekartzeko apustua egin dugu, nahiz eta arriskutsuagoa den, baina askoz politagoa izan da".
Deialdia
Ostegunero Agorrosingo atletismo pistan elkartzen dira 8 eta 14 urte bitarteko txirrindulariak, hala, norbait interesatua balego kirol hau praktikatzeko, probatzeko edota mundu hau hobeto eta gertutik ezagutzeko, Agorrosinera hurbiltzeko deia egin dute antolatzaileek. Kaskoa eta bizikleta eraman beharko da.