'Apirilean musika' Musika Eskolako kideen eskutik

Ane Miren Etxeberria 2013ko apirilaren 25a

Ohiko klase dinamikatik atera eta hile honetan ikasturte osoan ikasitakoa jendaurrean aurkezten ari dira Musika Eskolako neska-mutilak. Apirilaren 19an hasi eta maiatzaren 14ra bitartean hainbat kontzertu antolatu dituzte. Nahiz eta denbora honetan ekimen desberdinak burutu aste honetan izango dira gehienak, hala, neska-mutilek klaserik ez, baina ikuslegoaren aurrean aurkezpenak egiten dabiltza.

Atzokoan adibidez, Mugi gorputza izenburupean, 20 bat neska-mutil jatorrek musikarekin bat egin eta erritmo egokian dantzan aritu ziren. Gaur egungo haurrek gorputzean erritmoa eta energia dutela erakutsi zuten.

Dantzaz gain, gitarra jotzen ikasten ari diren lagunek ere kontzertu bikainak eskaini zituzten. Talde desberdinetan banatuta, batzuk binaka, beste batzuk bakarka eta azken bat talde handian, hainbat pieza jo zituzten. Zabalotegi aretoan izan ziren guraso, lagun eta senideen begirada finkoa eurengan kontzentratuta zutela.

Gitarraz gain, biolin eta tronboiek, baita biolontxeloek ere euren lekua izan zuten atzo arratsaldeko kontzertuan. Pare bat dozenaz osaturiko lantaldeak jo eta ke jardun zuen dena ongi ateratzeko eta soinu egokiak herritarrengana heltzeko. Atzokoaz gain, aste honetan ere beste kontzertu batzuk izango dira Musika Eskolan eta Zabalotegin.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak