Mendiko bizikletan gauez ibiltzeko proposamena, zapatuan

Xabier Urtzelai 2013ko apirilaren 25a

Bergaran antolatzen dabiltzan Bizikleta Jardunaldiak aurrera darrai, eta asteburuan izango dira hitzordu potoloetako batzuk. Zapatuan, mendiko bizikleta-zaleek gauez ibiltzeko aukera izango dute, Basque Night Adventure izeneko martxan. Antolatzaileek adierazi dute dagoeneko 80 lagunek eman dutela izena, baina zapatuan bertan ere egongo dela izena emateko aukera: "Askok deitu digute horixe bera galdetzen, eta bai, 19:30etik 21:00etara izenak hartzen ibiliko gara Agorrosinen [Federetuek 15 euro, ez federatuek 20 euro]", adierazi du antolatzaile lanetan dabilen Basque Adventureko Iker Osak.

Gaueko Bizikleta martxa, berriz, 21:30ean hasiko dute: "Pozik gaude, dagoeneko gainditu dugulako iaz egin genuen martxako izenemate kopurua, orduan 70 lagun izan ziren. Egunean bertan jende gehiago animatzen bada, ondo, izan ere, mendiko bizikletan gauez ibiltzearena nahiko berria da hemen, argiak behar dira... Kopuru polita da".

Ibilbide luzea kendu dute 

Zapatuko martxarako antolatzaileek hiru ibilbide zituzten prestatuta, baina luzea kentzea erabaki dutela zehaztu du Osak: "Azken batean, luzea egiteko jendeak lau ordu inguru beharko lituzke eta ez da komeni gaueko irteera horrenbeste luzatzerik. Arriskua dago argi fokuak laugarren ordutik aurrera bateria gabe geratzeko, eta segurtasun arrazoiengatik, ez da komeni mendian inor argi barik geratzerik". Hala ere, ibilbide motz edo ertaina aukeratuta, ziklistak asetzeko moduko ibilbidea prestatu dute.

Arratsaldea, gazteendako 

Zapatu gaueko hitzordua helduendako izango da, baina arratsaldean gazteendako hitzorduak prestatu dituzte egitarauaren barruan. Hala, Lokatzak antolatuta 16:30ean bizikleta jolasak eta Gipuzkoako eskola arteko txapelketa egingo dute, San Martin plazan. Eta 18:00etan, plazatik irtenda haur, gazte eta helduek elkarrekin itzuli bat egin ahal izango dute herrian zehar, lasai. Kartutxo gutziak, baina, ez dituzte asteburuan erreko, astelehenean (19:00etan, Irizar jauregian) Polonia diapositiba emanaldia egingo dutelako.

'Harmailatik' saio berezia 

Eta, Bizikleta Jardunaldien barruan astelehenean, apirilak 29, Harmailatik saio berezia egingo dugu (22:00, Goiena Telebista). Bailaran txirrindularitzaren egoera zein den aztertuko dugu ziklismo eskolako ordezkari, entrenatzaile eta ziklista profesionalekin. Aldi berean, datorren maiatzaren 3an, egubakoitza, ziklismoko ohiko lesioak izeneko berbaldia emango dute Oreka fisioterapia taldeko lagunek (09:00, Agorrosinen). Eta Bizikleta Jardunaldiekin amaitzeko, seguruenik, parte-hartzaile gehien batuko dituen hitzordu egingo dute maiatzaren 5ean, Bergarako Aspanogi 6+3 zikloturista martxa

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak