Bergara, bizikletaren erabilera bultzatzera

Goiatz Arana Begiristain 2013ko apirilaren 18a

Bigarrenez, Bizikleta Jardunaldiak egingo dituzte Bergaran, txirrinduaren erabilera bultzatzeko helburuarekin. Irteerak, jolasak, kedadak, bideo-hitzaldiak... ekitaldi sorta prestatu dute, zapatu honetan hasi eta maiatzaren 5era bitartekoa.

"Gure ustez, Bergarak aukera ematen du kotxea alde batera laga eta herri barruko bidaiak bizikletaz edo oinez egiteko. Modu horretan denok irabaziko dugu: osasuntsuago egongo gara, gutxiago kutsatuko dugu eta gutxiago gastatuko dugu", diote jardunaldien antolatzaileek; Bergarako Udalak, Lokatza Ziklismo Eskolak eta Basque Adventurek, alegia.

Antolatutako ekintzetan parte hartzera deitu dituzte herritarrak eta Lokatzatik, gainera, Bergaran txirrindularitzako oinarrizko kategorietan egiten den lana goraipatu dute.

Ezkerretik eskuinera: Unamuno, Elorza, Askargorta, Osa eta Ugarteburu.

Egitaraua

Zapatutik, hilak 20, maiatzaren 5era egingo dituzte jardunaldiak. Askotariko ekintzak antolatu dituzte denbora tarte horretarako:

Apirilak 20, zapatua

  • 09:30-12:30, Eskola kirola jardunaldia, Bergara eta Osintxu arteko bidegorrian. 130 bat ume batuko dira eta trebetasun jolasak... egingo dituzte. (Antolatzailea: Bergarako Udala)

Apirilak 21, domeka

  • 10:00-13:00Basque Adventure emakumezkoen lehen kedada, Agorrosindik Urkulura. (Antolatzailea: Basque Adventure)

Basque Adventuretik azaldu dutenez, gero eta neska gehiago ibiltzen dira bizikletan, baina bakarrik edo mutilez lagunduta ibiltzen dira kasu gehienetan; horregatik, asmoa da nesken artean ere taldeak sortzea.

Bailara mailako ekintza izango da, 30 kilometrokoa, Urkuluko itzulia moduan ezagutzen dena eta erritmo lasaian egitekoa.

Eskoriatzakoak izango sira irteteten lehenak, 09:15ean; Aretxabaletakoak batuko zaizkie, 09:30ean; eta Arrasatekoak, 10:00etan; Bergarakoekin batera joango dira Zubillagara eta han Oñatikoekin elkartu, guztiak batera Urkulura joateko. 

Bide lasaia dela aurreratu dute antolatzaileek, baina aldapa dagoen tokian pista apur bat dagoela-eta mountain bike bizikleta eramatea gomendatu dute. 

Doan da eta izena eman beharrik ez dago. Udalerri bakoitzeko kiroldegiko dutxak irekita egongo dira, eta parte-hartzaileek oroigarri bana jasoko dute.  Bergaran, gainera, haurtzaindegi zerbitzua egongo da 10:00etatik 14:00etara.

Apirilak 22, astelehena

  • 19:00etan, Irizar jauregian: Ciclotherapy. De el Cairo a Tokyo en bicicleta diapositiba emanaldia (gazteleraz). (Antolatzailea: Basque Adventure eta Bergarako Udala)

Apirilak 23, martitzena

  • 19:00etan, Irizar jauregian, Mendi bizikleta, ziklismoaren ezezaguna bideo-hitzaldia, Euskal Mendi Bizikletako federazioko kide Unai Asurmendiren eskutik (euskaraz). (Antolatzailea: Lokatza Ziklismo Eskola) 

Apirilak 27, zapatua

  • 16:30, bizikleta jolasak eta Gipuzkoako eskolarteko txapelketa, San Martin Plazan. (Antolatzailea: Lokatza Ziklismo Eskola)
  • 18:00etan, Masa kritikoa, San Martin plazatik aterata, haur, gazte eta helduek elkarrekin itzuli bat egiteko herrian zehar, lasai. (Antolatzailea: Basque Adventure, Bergarako Udala eta Lokatza Ziklismo Eskola)
  • 21:30Basque Night Adventure gaueko mendi bizikleta ibilaldia, Agorrosindik aterata. (Antolatzailea: Basque Adventure)

Bigarren urtez antolatu dute aurten eta bada nobedaderik, iaz ibilbide bakarra egon zelako eta aurten hiru aukera egongo direlako: 22 kilometrokoa, erraza; 32koa, ertaina; eta 38koa, gehiago ibiltzera ohituta daudenentzat.

Egunera arte luzatuko da izen-ematea, baina errekargua izango da jada apuntatu ez direnentzat: 17 euro ordaindu beharko dituzte federatuek eta 20 gainontzekoek. Gehienez, hori bai, 200 lagunek parte hartu ahal izango dute. Dutxak egongo dira, bizikleta garbitzeko aukera, oroigarriak eta luntxa. 

Apirilak 29, astelehena

  • 19:00etan, Irizar jauregian, Polonia diapositiba emanaldia (euskaraz). (Antolatzailea: Lokatza Ziklismo Eskola)
  • 22:00etan, txirrindularitzaren gaineko saio berezia GOIENA telebistako Harmailatik saioan. (Antolatzailea: GOIENA)

Maiatzak 3, egubakoitza

  • 09:00etan, Agorrosinen, Ziklismoko ohiko lesioak tailerra. (Antolatzailea: Oreka fisioterapia zentroa)

Maiatzak 5, domeka

  • 09:00, 6+3 Aspanogi martxa zikloturista, Agorrosindik aterata. (Antolatzailea: Lokatza Ziklismo Eskola eta Aspanogi)

105 kilometroko ibilbidea izango da eta ondorengo lekuetatik igaroko da: Udana, Aztiri, Barbari, Lierni, Mandubi eta Elosuako gainak.

Aurrez izena ematen duten federatuentzako prezioa da 13 euro eta ez federatuentzat 23; egunean bertan, federatuentzat 15 euro eta gainontzekoentzat 25.

Herriko ikastetxeetan ere izango dira ekintzak: Polonia diapositiba emanaldia izango da eta irteera egingo dute Soraluzeko bidegorrira, bizikletaren onurak ezagutzeko...

Babesleak

Jardunaldietako laguntzaileak dira: Aranzadi ikastola, Ipintza institutua, Mariaren Lagundiko ikastola, San Martin ikastetxea, Oreka fisioterapia zentroa, Aretxabaletako Udala, Arrasateko Udala, Eskoriatzako Udala, Oñatiko Udala eta GOIENA.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak