Hankaluzetrail taldea sortu dute Bergaran, mendiko lasterketak egin gura dituzten kirolariendako. 30 bat lagun daude dagoeneko taldean, baina gura dutenendako tokia dago.
Disfrutatzeko
Fernando Rodriguez da taldeko kideetako bat eta bere esanetan, mendi lasterketaz disfrutatzeko sortu dute taldea, ez lehian ibiltzeko. "Taldean badira 18 urtetik azpiko bi gazte, eta horiek helburu konpetitiboagoak dituzte, baina gainerakook mendi lasterketetan disfrutatzeko asmoa dugun kideak gara. Bergaran jende asko dago mendian korrika egiten duena, eta bakoitza bere kasa ibili beharrean, taldean elkartzea pentsatu dugu, bata bestearen arrimuan aritzeko", azaldu du Rodriguezek.
Taldea orain sortu badute ere, ideia lehengoa da. "Xabier Lijo eta Jose Gabilondoren ideia izan da. Mendian korrika ibiltzen den bergarar kopurua ikusita, iruditu zitzaien posible zela talde bat eratzea, eta horrelaxe izan da", argitu du Rodriguezek.
Gorria eta beltza da ekipazioa
Hankaluzetrail taldea berria izan arren, dagoeneko badu ekipazioa: kamiseta gorria eta kulota beltza. Kamisetan, gainera, taldearen logoa eta ikurrina bat ere ageri dira. "Lasterketetan ondo ikusteko modukoa da, bai. Antzuolako 8 Milietan estreinatu genuen. Bezperan jaso genuen, eta proba hartan parte hartu zutenek ekipazioa jantzita joan ziren. Otsailean izan zen hori. Orduan ez genuen talde argazkirik atera eta duela aste pare bateko entrenamendu saioa aprobetxatu genuen argazki hori ateratzeko, Gorlan, elurretan", zehaztu du Fernando Rodriguezek.
Aloñako igoeran
Hankaluzetrail taldeko kideek ez dute egitarau zehatzik prestatu. "Mendi lasterketa asko antolatzen dituzte eta kide bakoitzak erabakiko du batera edo bestera joan. Adibidez, domekan egingo den Aloñako igoeran izango dira kideetako batzuk, baita datozen astetan Urnietan edo Erratzun egingo dituzten lasterketetan ere. Hala ere, ekainaren 1ean Leitzan egingo den lasterketa izango da taldeko kide gehienon erronketako bat. 60 kilometroko lasterketa izango da, eta askok hartuko dugu parte", aurreratu du Rodriguezek.
Pol-Polen barruan
Pol-Pol taldearen barruan dago Hankaluzetrail taldea. "Mendi lasterketetan parte hartzeko mendian federatuta egon behar da, eta federatzeko biderik zuzenena Bergaran Pol-Poleko Mendi saila denez, haren barruan sartu gara", azaldu du Hankaluzetrail taldeko kideak. Oraingoz 30 lagun daude apuntatuta, gehienak Bergarakoak, baina interesa duen edonork har dezake parte talde horretan, Pol-Polek udal pilotalekuaren gainean duen bulegora joanda.
