Neurri handian hori gertatu zen Zarautzen kontrako partiduan. Kostaldeko mutilak jaitsiera postuetatik ihes egin nahian dabiltza, eta igarri egiten da larri dabiltzala, beste martxa bat dutela. Bergara, berriz, azkenaldian baloiaz baino baloi gabe sentitzen da eroso, eta tarteka gertatzen den moduan, etxetik kanpora erosoago jokatzen dute. Halaxe ibili ziren Galanen mutilak zapatuan, Zarautzek lehenengoa egin, eta erreakzionatzeko gaitasun barik.
Beste helburu batzuen bila
Gauzak aldatzen ez badira Bergarari luzea egin behar zaio liga. Aparteko helbururik lortzeko motibazio barik, hortxe du erronka Galanek: "Uste dut helburu politak ditugula lortzeko. Laugarren postuagatik borroka ez dugu galdu, oraindik puntu asko daudelako jokoan. Eta, bosgarren postua defendatzea ere ez da lan txarra".