Bergarakoaren garaipenaren gakoa lehenengo txandan egon zen. Azulak ariketa ikusgarria egin zuen lehenengo saioan. Hodian barrena bikain ibili zen, altuera handiko saltoak eginez eta segurtasun handia erakutsiz; salto bakoitzaren ostean ondo lur hartu zuen, eta truku bakoitza ondo amaitu. Hala, ariketa horri esker epaileek 93 puntu eman zizkioten, mahai gainean kolpea emanez.
Txapelketan, baina, lehia handia izan zen. Malagako Regino Hernandez zuen kontrario nagusietako bat, baita Kataluniako Jan Pujol eta Paul Bartolo ere, eta euren aurretik geratzeko ezinbestekoa zen bigarren txandan hanka ez sartzea. Lehenengo txandan zuen abantailaz baliatuta bigarrenean ez arriskatzea erabaki zuen, eta akatsik egin barik, txapelketa bereganatzeko nahikoa puntu batu zituen. Hala, Jan Pujol izan zen bigarren, eta Paul Bartolo igo zen podiumeko hirugarren koskara.
Erreferente bilakatzen
Half-pipe modalitatean lortutako garaipen horrekin, eta freestyle barruan, Manex Azula erreferente bilakatzen dabil, eta Espainia mailan etorkizun handiena duten riderren artean dago. Izan ere, irabazitakoaz batera Bergarakoak badaki txapelketa berean sloop-stylean irabazten, eta baita big-air modalitatean ere.