Gaztetxeko kideek prest dute dagoeneko Egubakoitzak kartzelan, gaztetxeko kanpoko eszenatokian maiatzeko egubakoitzetarako antolatu izan duten kontzertu lasaien zikloa. Laugarren edizioa da aurtengoa eta egitarau mardula prestatu dute: maiatzaren 3an, Okene Abrego eta Mariano Urtadok eta Buterflaik joko dute; 10ean, Iñigo Cabezafuegok eta Joseba B. Lenoir-ek; 24an, Ainara Legardonek eta Manettek; eta 31n, Morauk eta Aguxtin Alkhatek.
Antolatzaileak pozik daude aurreko hiru edizioetan izandako erantzunarekin: "Kartzela zaharreko atzeko patioa leku magiko bihurtu dugu guztion artean, gaztetxearen adin muga gaindituz eta belaunaldi eta kolore guztietako herritarrez gaubeila ospatuz". Hala, aurten ere "kandelak, kafea, txokolatea, tonika eta lanpara estranbotikoak" ez direla faltako aurreratu dute.
Kontzertuak 22:00etan hasiko dira, eta sarrera hiru eurokoa izango da. Bestalde, Txapa irratitik ere igorriko dira zuzenean 97,2 FMan eta www.txapairratia.org atarian. Aurten, gainera, aurkezpen jaia ospatuko dute hilaren 26an, Bi bala ikuskizunaren estreinako emanaldiarekin.
Horrez guztiaz, gain, gaur, hilak 12, ere kontzertua izango da gaztetxean, 22:30ean. Zalla eta Balamasedako kideek osatutako Hil Aiari taldeak, Torrelavegako Guillotinak eta Oñatiko Herstura taldeek egingo dute emanaldia.
Txapa irratiko kontzertua
Txapa irratiak antolatzen dituen kontzertuen baitan, Samesugas eta Desastrozombies taldeek emanaldia egingo dute bihar, zapatua, 22:30ean, gaztetxean.
Samesugas talde galiziarra, 1999 urtean sortu zen. Rock and rolla eta garage estiloen nahasketa egiten dute, Eskandinabiako musika taldeen eraginarekin eta Galegoz eta ingelesez abesten dute. Desastrozombies hardcore punk taldeari dagokionez, berriz, Astrozombies taldearen errautsetatik sortutakoa da.