Alkabietako lokaleko gazteek Twitter bitartez eman zuten gertatutakoaren eta haserrearen berri. Honako mezua egin zuen publiko beraietako batek: "Justiziak ezin omen du ezer egin lapurretak egiten dituztenen aurka. Herria indefentsioan. Zerbait egin beharra dago". Beste mezu batek honakoa zioen: "Bergarako lokaletan gertatu diren lapurretak gazteen eta orokorrean herritarren beldurra areagotu du".
Bergarako Udalari ere zuzentzen zen Twitterreko mezua eta honek azkar erantzun du. Bergarako Udal webgunean albiste bat publikatu dute azalduz udaltzainek ez dutela azken aldian horrelako lapurreten salaketarik jaso eta Ertzaintzak salaketa bakarra jaso duela. Dena dela, horrelako lapurretan, orokorrean, Gipuzkoan areagotzen ari direla-eta hainbat gomendio ematen ditu Udaltzaingoak.