Eguen goizean abiatu ziren Bartzelonara eta egunean bertan ekin zioten bisitak egiteari: Sant Sadurní d'Anoian egin zuten lehen geldialdia, Freixenet bodega famatuak ezagutzeko: "Oso interesgarria izan zen: kaba nola egiten duten azaldu ziguten eta probatzeko aukera ere izan genuen". Eta bisita amaituta, Bartzelonara joan ziren, albergean ostatu hartzera. Afaldu ostean eta lotara joan aurretik, baina, entsegu bat egin zuten, hurrengo egunean denboraz justu ibiliko zirela-eta.
Kantuan, batean eta bestean
Goizean goiz irten ziren biharamunean eta Castellar del Valléserako bidea hartu, bertan dagoen mendi magal bateko El Puig de la Creu ermitan kontzertua emateko. Erromeria zegoen bertan eta, Bergarakoen atzetik, cant de la Passió pel cor de Cavallersen txanda izan zen; soilik erromeria horretarako biltzen den gizonezko talde bat da, ospakizun horretarako kantuak abesten dituena. Behin hango festa bukatuta, behera jaitsi ziren bazkaltzera: hango plater tipikoak jateko aprobetxatu zuten aukera eta, postrearekin batera, kanturik ez zen falta izan, noski. Arratsaldean irratien museo bat bisitatu –1920ko hamarkadatik 60. hamarkadara arteko 250 irrati baino gehiago daude–, Sabadell ezagutu eta bertako orfeoiaren lokalean afaldu zuten, kantu eta algarekin erretiratzeko ordua heldu bitartean.

Aritzeta Abesbatzakoak Bartzelonako irratien museoan.
Zapatuan, Bartzelonako auzo gotikoan izan ziren eta, han ere, lauzpabost geldialdi egin zituzten kantuan egiteko. Libre hartu zituzten ondorengo orduak, norberak gura zuena egiteko, eta domekan etxerako bidea hartu zuten.
Esperientzia "aberasgarria"
Pozik itzuli ziren abesbatzako kideak Bergarara, Sabadellgo Orfeoiak emandako tratua azpimarratuz: harrera ona egin zietela, oso ondo tratatu dituztela eta esperientzia aberasgarria izan dela nabarmendu dute.
