Denetariko zaporeak probatzeko aukera asteburuan Bergaran

Arritxu Barruso 2013ko apirilaren 11

Dagoeneko tradizio bilakatu den muskuilu dastatzearekin hasiko da egubakoitzean, 19:00etan, Artisau eta Zaporeen azoka San Martin plazan. Egubakoitzean hasi eta domeka bitartean denetariko zaporeak dastatzeko aukera izango da asteburuan herriko plazan 11:00etatik 14:30era eta 19:00etatik 22:00etara. Aurten egun bat gutxiago izango du azokak eta eguenean hasi beharrean egubakoitzean hasiko da.

Egun bat gutxiago izango duen arren, pasa den urtean baino lau postu gehiago egongo dira aurten San Martin plazan, 22 guztira.

Janari eta edanari dagokionean jatorri ezberdinetako gutiziak probatzeko aukera izango da. Euskal Herritik bakarrik ez, Espainiatik ere etorriko dira saltzaileak. Besteak beste, Extremadura eta Leongo odol-hestebeteak, Galiziako likoreak eta jakiak eta Argentinako produktuak erosteko aukera izango da. Gozozaleendako ere eskaintza zabala egongo dela iragarri dute antolatzaileek; Euskal Herriko postre eta tarta ugari egongo dira. 

Artisautza postuei dagokienean etxeko tresnak, narruzko artisautza eta denetariko osagarriak egongo dira ikusgai.

Olagarro saltzailea

Nola ez, Galiziatik etorritako olagarro saltzaileak ere ez du hutsik egingo aurtengo hitzordura. Arrakasta handien izaten duen postuetako bat da. Gauetan 00:00ak arte egongo da zabalik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak