Euskal taldeen garaipenik ez Agorrosinen

Ander Monedero 2013ko martxoaren 30a

Realak 2 eta 0 galdu du Brasilgo EV Vitoriaren aurka eta Osasunak, berriz, ezin izan du Villarreal mendean hartu (2-2).

Giro aparta izan da Bergarako Agorrosin futbol zelaian, izan ere, Realak antolatutako gazte  mailako txapelketaren bi partidu jokatu dira gaur Agorrosinen.

Lehenengoa Realak eta EV Vitoriak jokatu dute eta nahiz eta partidu hasiera orekatua izan, brasildarrek egin dituzte gol aukera garbienak. Lehengo zatiko 25. minutuan, ondo ateratako korner batean EV Vitoriak gola egin du. Gola egin ostean, brasildarrek zuten baloiaren jabetza handitu egin dute eta atsedenaldira 0 eta 1 joan dira.

Bigarren zatian, berriz, Reala berdinketaren bila irten da, eta nahiz eta gola sartzeko ahaleginak egin, ez dute ia aukera garbirik sortu. Horrela, kontraeraso azkar baten ostean, EV Vitoriak bigarren gola egin du. Markagailuko aldea murrizteko aukera izan du Realak, baina arbitroak adierazitako penaltia huts egin du.

Osasunak aurrea hartu baina ezin

Osasunak, berriz, ezin izan du Villarreal mendean hartu. Nahiz eta partidu hasieran Villarreal hobeto hasi, talde gorriak zelaian bere lekua bilatu eta pixkanaka jokoaren jabe egin da. Horrela, erasoko jokaldi ikusgarri baten ostean markagailuan aurrea hartzea lortu du.

Bigarren zatian, berriz, bigarren gola egiteko aukerak izan ditu, baina horrelakoetan gertatzen den bezala, gola barkatu ostean aurkariak sartu du. Berdinketa defentsan egindako huts baten ondorio izan da eta Villarrealeko jokalariak buruz egin du berdinketaren gola. Ez hori bakarrik, hortik minutu batzuetara, atezainaren irteera oker baten ondorioz, Villarrealek bigarren gola egin du. Gol horren ostean, talde nafarrak aurrera egin du eta partidua bukatzeko minutu gutxi falta zirenean berdinketaren gola egin du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak