Bergarako alkate Jesus Elortzak eta Azkoitiko alkate Pello Baztarrikak Elosuko plaza berrantolatzeko akordioa sinatu dute gaur Elosun bertan. 2008. urtean, landa garapenerako Berpiztu planaren barruan bi udalek auzoaren diagnostiko bat egin zuten. Azterketa horren ostean, ekintza plan bat burutu zuten eta hortik sortu da, orain, Elosuko plaza egokitzeko plana.
Plaza berrian, guztira, 39 aparkaleku egingo dituzte eta oinezkoentzako gune bat ere bereiziko da. Gune horren barruan, gainera, haurrendako jolas parke txiki bat ere egingo dute. Horretaz gain, zenbait eserleku berri ere jarriko dituzte. Berrizketa integral honetan, hainbat zuhaitz ere landatuko dituzte.
Lanok izango dituzten kostuez gain, zenbait lur eskuratu behar izan dituzte, batik bat lanok Azkoitiko zatian eragingo duen gunean.
Lanak lehenbailehen hasiko dituzte, baina ez dago data zehatzik. Dena den, lanok, Elosuko mendiko ganadu feria egunerako, urriaren 12rako, amaitu nahi dituztela azaldu dute bi udal ordezkariek.