Alebin eta infantil mailako pilotako Gipuzkoako Txapelketako finalak jokatu zituzten atzo Bergaran. Tartean, alebinetako talde bat 12 urteko bi bergararrez osatuta zegoen; Ander Etxaniz eta Julen Etxabarri batera ibili ziren lehian kolore gorriz. Partidu guztiak irabazita iritsi ziren etxekoak finalera, baina azkenean txapeldunorde gelditu ziren bergararrak Azpeitiko Illumperen aurkako partidua galdu ostean.
16 tantotara jokatu zuten eta ia partidu guztia galtzen joan eta gero, 15 tantorekin berdinduta gelditu ziren; lehia bizia izan zuten azkeneko tantoan eta azkenean azpeitiarrek eraman zuten txapela.
Bergararrek penaz amaitu zuten txapelketa, baina era berean gustura gelditu ziren egindako lanaz.
Partiduan orokorrean aurrelariek parte-hartze txikiagoa izan zuten eta atzelariak oso fin ibili ziren.