Hilaren 19an abiatuko du Musika Eskolak 'Apirilean musika' egitaraua

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko martxoaren 27a

Ikasleak protagonista izango dituzten 20 ekitaldi inguru egongo dira. Kantu ikasleek abiatuko dute egitaraua, hilaren 19an, 19:00etan Mariaren Lagundiako elizan egingo duten ekitaldiarekin.

Apirila iristear da eta Musika Eskolak kaleratu du dagoeneko, Apirilean musika egitaraua. Apirilaren 19an hasi eta 27ra arte 20 ikuskizun inguru eskainiko dituzte, gehienak eskolako ikasleek, eta kontzertuetako batzuk Musika Eskolan bertan egingo diren arren, gehienak herriko areto ezberdinetan egingo dira.
Kantu ikasleek abiatuko dute egitaraua, hilaren 19an, 19:00etan Mariaren Lagundiako elizan egingo duten ekitaldiarekin.

Beste ekitaldi batzuen artean, apirilaren 21ean, Astigarragako Musika Eskolako ikasleak etorriko dira eta Bergarakoekin batera zenbait konbo entzuteko aukera egongo da 18:30ean, Zabalotegi aretoan. Hilaren 22an orkestra sinfonikoa entzuteko aukera egongo da, 19:00etan, Mariaren Lagundiaren elizan eta 23an, berriz, Musikaren zirku mundiala-rekin gozatzeko aukera egongo da, 10:00etatik 12:00etara. 18:30ean, berriz, piano eta fagot kontzertuak egongo dira, biak ala biak, Zabalotegi aretoan.

Herriko kaleetan barrena ere ibiliko dira Musika Eskolako ikasleak. Hilaren 25ean, San Martin eta Simon Arrieta plazetan joko dute, 18:00etatik 19:30era. Egun horretan metalezko instrumentuak, biolinak, trikitiak, flautak eta klanineteak entzuteko aukera egongo da, besteak beste. Hilaren 25ean, txistu eta trikiti ikasleak izango dira protagonista, 18:00etan, Zabalotegi aretoan egingo duten emanaldian, eta 19:30ean, berriz, Ni naiz ipuina taularatuko dute flauta ikasleek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak