Donostiako Aste Nagusiko Txistularien Kontzertu Nagusian abestuko du Agirianok

Arritxu Barruso 2013ko martxoaren 26a

Peter Pan musikaleko protagonista izan zen, eta orain beste eskaintza interesgarri bat jaso du. Donostiako Aste Nagusiko Txistularien Kontzertu Nagusian abestuko du. Aitor Garitano bergararraz ari gara. Oso pozik dago jasotako gonbidapenarekin, batez ere, Donostiakoa oso kontzertu berezia izango delako: 200 urte beteko dira Donostia erre zela eta 100 urte Raimundo Sarriegi konposatzailea hil zela.   

Bergarako Santa Marina parrokian emandako kontzertu batekin hasi zen guztia. Marije Arratibel, txistu-irakasleak konposatutako kantu bat abestera joan zen bertara. Han, Zumarragako txistularien alardearekin abesteko gonbitea jaso zuen, eta Zumarragan berriz, Donostiako alardearekin abestekoa. Kasu honetan, gainera, kontzertu oso berezi batean: Aste Nagusiko Txistularien Kontzertu Nagusian. Aurtengoa gainera, benetan berezia izango da. Hainbat urteurren ospatuko direlako egun horretan.

Kontzertuaren gaineko xehetasun handirik ez dauka oraindik, baina dagoeneko badauka behin-behineko partitura, eta itxura ona hartu dio.

Abestea oso gustuko du eta pozik dago azken aldian izaten ari den aukerekin. Gabonetan horrenbeste arrakasta izan zuen Peter Pan musikalaren protagonista izan zen eta musikala sekulako eskola izan zela kontatu digu. Asko ikasi zuela. Musikaren munduan eta abesten jarraitzeko gogoa eta asmoa duela dio, horixe delako gustatzen zaiona.
Orain Donostiako Aste Nagusian emango duen kontzertua da bere lehentasuna. Oso pozik dago lortutakoarekin eta baita ingurukoak ere.
 
Eta horixe egiteko asmoa duela kontatu digu, ikasten jarraitu, baina musika sekula alde batera utzi barik. Donostiako kontzertua abuztuaren 10ean izango da, iluntzeko 20:30ean konstituzio plazan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak