Etxebizitza hutsen errekargua, UNEDen egoera eta Udaleko lan-hitzarmena eztabaidagai atzoko osoko bilkuran

Arritxu Barruso 2013ko martxoaren 26a

Etxebizitza hutsen gaineko zerga igotzea erabaki zuen urte hasieran Bergarako Udalak. Ohiko etxebizitza ez direnenen errekargua %150ekoa izatea onartu zuten 2013ko ordenantzetan. Bada, badirudi erabakia berriro ere aztertu egingo duela Udalak eta, batez ere, etxebizitza hutsen definizioa hobeto zehaztu. 

Astelehenean egindako ohiko osoko bilkuran EAJk adierazi zuen "arduratuta" daudela errekarguak herritarrengan sortu duen egonezinarekin. "Kexa asko entzun ditugu kalean. Errekargua onartu zenean ere adierazi genuen etxebizitza hutsa zer den hobeto definitu behar zela", azaldu zuen Aintzane Oiarbide jeltzaleak. Zentzu horretan, Udal Gobernuko ordezkariei galdetu zien jakin nahi zutela gai horren harira zenbat kexa jaso diren Udalean.

Ogasun zinegotzi Lauri Azkargortak erantzun zuen galdera eta adierazi zuen kexa "asko" jaso direla eta gaia berriro ere aztertu beharko dela: "800 etxebizitza huts baino gehiago kontabilizatu dira Bergaran. Horiei guztiei errekarguaren berri emanez gutun bat bidali zaie. Egia da kexa asko jaso ditugula eta alegazioetako batzuk arrazoizkoak direla, beste batzuk ez. Egia da gabezia batzuk ikusi ditugula eta erabakiak hartu beharko ditugu; batez ere etxebizitza hutsa zer den hobeto definitu, hurrengo urtean arazo bera ez izateko".

UNEDen egoera
Jeltzaleek bestetik Bergarako UNEDen egoeraren inguruan galdetu zioten Udal Gobernuari. "Ikasleak arduratuta daude eta jakin nahi dugu eskola presentzialak kolokan dauden edo ez Bergaran eta zer gertatuko den Aste Santuko oporren ostean. Hedabideen bitartez jakin dugu batzorde berri bat osatu dela eta jakin nahiko genuke batzorde hori zeintzuk osatzen duten eta zeintzuk diren helburuak.Lehentasuna izan beharko litzateke UNEDen hezkuntza kalitatea mantentzea", azaldu zuen Oiarbidek.

Jesus Elortza alkateak adierazi zuen ikasle eta irakasleekin bilerak izan dituztela eta helburu nagusia dela, aurten behintzat eskola presentzialek orain arte bezala jarraitzea. Horrez gain adierazi zuen Jaurlaritzari, beste behin, UNED patronatuko kide izateko gonbitea egingo zaiola. Amaitu zuen esanez UNEDen egoeraren kezka "guztiona" dela.

Udal langileen lan-hitzarmena
Gai zerrendatik kanpo Udal Gobernuak Udaleko lan-hitzarmena onartzeko proposamena eroan zuen bilkurara. Horrek eztabaida eragin zuen oposizioarekin. Jeltzaleek azaldu zuten "presaka" eta azken momentuan aurkeztutako puntua izanda, ez zutela denborarik izan gaia aztertzeko eta Udal Gobernuari leporatu zioten horrelako gai garrantzitsu baten oposizioaren iritzia kontutan hartu ez izana. Alkateak adierazi zuen oposizioak komisioetara joateko aukera izan duela eta ez dela joan. Eztabaidak luze jo zuen eta azkenean erabaki zuten gaia mahai gainean uztea eta hurrengo bilkurara atzeratzea lan-hitzarmena onartzeko proposamenaren puntua.   

Bi mozio onartzeke
Bilkuran bestetik, bi mozio aurkeztu ziren. PSE-EEk Toki Administrazioa erreformatzeko Espainiako Gobernuak martxan ipini nahi duen proiektuaren gainekoa aurkeztu zuen. Gaia mahai gainean uztea eta aurrerago mozio adostu bat aurkeztea onartu zuten aho batez alderdi guztiek.

EAJk berriz, Gipuzkoako Diputazioaren Gizarte Zerbitzuek, besteak beste,  etxeko laguntza zerbitzuaren eskumena bereganatzeko udalei egindako proposamenaren gaineko mozioa aurkeztu zuen. Bertan eskatzen zen eskumenak orain arte bezala bere horretan mantentzea, parte-hartze prozesu bat abian ipintzea eta prozesuan gardentasuna bermatzea. Eztabaidatu ostean, mozioak ez zuen aurrera egin. EAJko eta PSE-EEko zinegotzien aldeko botoak jaso arren, bilkurara joan ziren Udal Gobernuko zazpi ordezkarien aurkako botoekin bertan behera gelditu zen.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak