Mikel Marauri: "Finlandiako irakasleek asko bidaiatzen dute, beste hezkuntza metodologia batzuk ezagutzeko"

Ruben Cuesta 2013ko mar. 31a, 01:00

Mikel Marauri (Bergara, 1989) Industria Antolakuntzako Ingeniaritzan lizentziaduna da. Orain, Enpresa Berrikuntza eta Proiektu Zuzendaritzako unibertsitate masterra egiten ari da Mondragon Unibertsitatean, eta lehen lauhilabetekoa osatzeko Finlandian egon da. Gainera, Suedia eta Estonia bisitatzeko aukera izan du.

Zertan datza zure masterra?

Proiektuen kudeaketan eta enpresen berrikuntzan datza, batez ere. Orain, proiektuarekin murgilduta nago. Honen helburua da makinetako datuak hartzea; eta produzkio datu horiek modu zuzenagoan aztertu ahal izateko, software berriak ezartzen dihardugu. 

Finlandiako unibertsitatean ikaste ohiturak aldatu egiten dira?

Ez askorik; izan ere, Bolonia hezkuntza sistema dago, eta nik hemen azkenengo urteetan Boloniarekin ikasi dut. Hori bai, azterketak abenduan izaten dira eta horiek prestatzeko, aldez aurretik, hainbat lan garrantzitsu egiten dira. Horren helburua azterketak ongi prestatzea da.

Finlandiako hezkuntza-sistema ezaguna da mundu osoan; hain ona dela nabaritu duzu?

Egia da finlandiarrek, orokorrean, maila handia dutela, baina, batzuetan, portaera nahiko desatsegina izaten dute. Ondo gogoratzen ditut nire klaseko finlandiar ikasle batzuk: beti egoten ziren mugikorrei begira eta irakasleekin edukazio falta handia izaten zuten. Irakasleei dagokienez, nabari da interesa dutela euren ogibidean; izan ere, asko bidaiatzen dute, arrazoi akademikoagatik. Nik lau hilabete egon nintzen, eta denboraldi hartan nire irakasleak Txinan eta Valentzian egon ziren beste hezkuntza metodologia batzuk ezagutzen. Batzuetan ez genituen klaseak izaten irakasleak bidaia akademikoetan zeudelako.

Zer moduz finlandiarrekin izandako tratua?

Hotz ospea dute, baina eguraldiaren eraginagatik da; ni, gainera, udazkenean eta neguan egon nintzen. Hotza, elur asko, egun motzak… Ez dira kalera irteten, eta erlazionatzeko ohitura falta dute; adibidez, nire bizilagunek gutxitan agurtzen ninduten. Jendea lanetik irten bezain pronto etxera joaten da. Baina beste ordutegi bat dute, 16:00etarako etxean daude. Eta aste bukaeretan kaleak hutsik zeuden. 

Zer-nolako sentsazioa da egunak hain motzak izatea?

Sentsazio arraroa zen. Egun motzenetan 10:00etan argitzen zuen eta 15:00etarako gau beltza zen. Horregatik, jende askok bere buruaz beste egiten du. Nik unibertsitatera joan eta etorria gauez egiten nuen, eguzki izpiak ikusi barik.

Finlandiatik zerk harritu zintuen?

Guztiek ingelesa primeran menperatzen dutela. Edonon eska dezakezu edozer ingelesez. Aldiz, hemen, nire klasean bi ikasle turkiar daude eta zailtasunak izaten dituzte kafe bat eskatzeko.Edateko ohiturak ere atentzioa eman zidan, asko edaten dute-eta. Ongi gogoratzen dut nire auzoan bi agure zeudela kalean egunero edaten, unibertsitatera joatean zein bueltatzean. Janariari dagokionez, arrandegia, harategia, frutategia eta beste ez dira existitzen denda moduan. Dena supermerkatuetan bilduta dago eta produktu freskoak izoztuta saltzen dituzte. Gainera, litxarreria gehiegi saltzen ziren. Orokorrean,  janari barietate txikia zegoen.

Zein paisaiak erakarri zintuen?

Turkun erreka izoztuta ikusteak harritu ninduen; itsasontzi batzuk ezin mugituta zeuden. Batzuetan itsasoa ere izozten zen, baina hori ikusteko aukerarik ez nuen izan. Paisaia guztia zuria zen, oso gutxitan ikusten zen belarra edota espaloia.

Eta amaitzeko, zer izan da aberasgarri eta dibertigarriena?

Herrialde askotariko jende berria ezagutzea eta Estokolmo eta Tallinera egindako bidaiak. Baita hockey partiduaz gozatzea ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak