Zaporeen azoka eta antzerkia eta musika asko apirileko egitarauan

Monika Belastegi Aranzabal 2013ko martxoaren 25a

Aldeta taldearen eta Bergarako Orfeoiaren kontzertua eta Erreleboa antzezlana egongo dira, beste ekitaldi batzuen artean.

Udaleko Kultura Sailak kaleratu du dagoeneko apirileko egitaraua eta ekitaldiz bete-beteta dator.
Antzerkiari dagokionez, hiru antzezlan egongo dira Zabalotegi aretoan. Apirilaren 13an, zapatua, Manos ke rien izeneko ikuskizunaz gozatzeko aukera egongo da, 19:00etan –8 euro–. Mimoa, antzerkia, film laburrak eta musika uztartzen dituen ikuskizuna da. Apirilaren 19an, egubakoitza, berriz, Txalo antzerki taldea etorriko da eta Erreleboa izeneko antzezlana taularatuko dute, 22:00etan –8 euro–. Eta apirilaren 28an, domeka, Teatro Paraisok 3 eta 6 urte bitarteko umeendako Kri, kra, kro lana eskainiko du, 18:00etan –4 euro–.

Aldeta taldearen kontzertua

Musikari dagokionez, bost emanaldi jasotzen ditu Udalak kaleratutako egitarauak. Gaztetxoendako bi dj emanaldi egongo dira, biak ala biak 18:30etik 21:30era, Zabalotegi aretoan, dohain. Bata, apirilaren 6an izango da eta bestea, 20an.

Kontzertuei dagokienez, apirilaren 12an Donostiako Aldeta taldeak emanaldia egingo du 22:00etan, Zabalotegin. Taldearen lehen diskoa, Txorien aberria izenekoa urtarrilean aurkeztu zuten, eta horixe aurkeztuko dute Zabalotegin egingo duten emanaldian. Felipe Juaristi poeta eta idazlea da taldeko abeslarietako bat eta letra gehienen egilea. Gitarra eta ahoko soinu jotzailea, ostera, bergarar bat: Juanra Unamuno. Horiekin batera, Vomito taldeko kide bat ere bada taldean, Txitxo Lopez. Azkenik, Monika Reflojos Santa Zezilia korukoak jartzen du ahotsa kanta gehienetan.

Hilaren 14an, berriz, Bergarako Orfeoiaren kontzertua egongo da 19:00etan, Zabalotegi aretoan eta hilaren 21ean, Udal Musika Bandarena, 12:30ean, Udal pilotalekuan. Gainera, udaberrian sartuta, kontzertuen aurretik kalejira egiteari ekingo diote, halako saioan ohi duten moduan.

Eskaintza horri, Bergarako Musika Eskolak hilaren 21etik 26ra antolatu duten Apirilean Musika emanaldi sorta ere gehitu behar zaio. Epealdi horretan, askotariko kontzertuak egingo dituzte Musika Eskolako ikasleek herriko gune ezberdinetan.

Azoka ere bai

Artisau eta zaporeen feria ere egongo da apirilean. Hilaren 12tik 14rako asteburuan egingo da, San Martin plazan, eta, aurreko edizioetan bezala, askotariko postuak jarriko dituzte bertan. Eskulan, jaki eta bitxikeria ugari egongo dira bertan.

Horrez gain, hilaren 17an Hesiak gainditzen izeneko dokumentala ikusteko aukera ere egongo da, 19:00etan, Irizar jauregian, Jardun elkartearen eskutik. Arrasateko Txatxilipurdi elkarteak egindako dokumentala da eta euskarara hurbiltzeko ahalegina egin zutenei eta egiten ari direnei esker ona adierazteko egin dute. Bi berbatan esateko, euskaldun izan barik frankismoan gurera etorri zirenek hurrengo belaunaldiei euskara transmititzeko egin duten lana goraipatzera dator ikus-entzunezkoa. Emanaldi egunean Txatxilipurdiko bi ordezkarirekin solasaldia ere egongo da, Aizpea Otxandianorekin eta Eneko Barberenarekin, hain zuzen.

Esandako eskaintzarekin batera, apirilean barrena jarraitu egingo dute Zabalotegiko film emanaldiek.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak