Duela zortzi urte, 2005ean, sortu zen Maiatz proiektua Bergarako Miguel Altuna institutuan. Hotzeko estanpazioaren inguruan sortutako formazio espezifiko bat da Maiatz proiektua. Orokorrean, inguruko hotzeko estanpazioko enpresek dauzkaten beharrak asetzeko sortu zen eta hainbat ekintza eta jarduera eramaten dituzte aurrera; esaterako, graduondokoa lanbide heziketako tituludunentzat, langileendako ikastaroak eta enpresetarako beste zerbitzu batzuk.
Diru beharra
2008an ikusi zuten tailerretako eta laborategietako makineria jartzeko diru beharra zutela eta milioi bat eskas euro inguruko aurrekontua aurreikusi zuten proiektua aurrera eramateko. 300 mila euro lortu zituzten lanbide heziketako sailburuordetzatik eta beste 100 mila euro Kutxatik. Horrez gain, mailegu bat ere eskatu behar izan zuten, enpresek ordaintzeko konpromisoarekin aurrera eramandako mailegu bat, eta urtarrilean diru hori ordaintzen bukatu zutenez, proiektuan lagundu duten enpresa, administrazio eta erakundeei eskertzeko ekitaldia egin dute eguerdian.
Helburuak beteta
Hasierako helburuak lortu dituztela azaldu du gaurko esker oneko ekitaldian Larrañaga zuzendariak eta kontatu du dagoeneko lau promozio izan dituztela, 12 ikasletakoa promozio bakoitza, eta %80a sektoreko enpresetan lanean ari direla, Larrañagak proiektuaren balorazio positiboa egin du eta Ziarsolo proiektuaren arduraduna ere pozik zegoen proiektua ematen ari den fruituarekin.
Ekitaldian Xabier Retegi MUko errektore ohiak hartu du hitza Iñaki Larrañagaren ostean, eta bertan izan dira baita ere alkatea eta proiektuan parte hartu duten enpresa, administrazio eta erakundeetako ordezkariak.