2012ari dagokionez, jardueretako emaitza oso onak izan zirela azaldu zieten zuzendaritzako kideek batzarrera joandako bazkideei. Datu batzuk ematearren, laguntza alorrean 610 lagun aritu ziren iaz; aisialdi jardueretan –txangoak, bingoa, dantzaldiak, mendi irteerak...–, 3.870 lagun; kultura jardueretan, 1.255; eta ospakizun herrikoietan, berriz, 3.175 lagun.
Guztira, 9.481ek hartu zuten parte iazko jardueretan, 2011n baino 1.166 lagun gehiagok eta datu hori bereziki azpimarratu eta zoriontzekoa dela esan zuten zuzendaritzako kideek. Bestalde, 2013rako prestatu duten kultura, aisialdi eta gizarte ekintzen egitarauari dagokionez, askotariko ekitaldiak daude, ohi bezala.
Berrikuntzak ere izango dira aurten. Webgunea estreinatuko dute laster, eta elkartearen sarreran dagoen lorategian ere lantxo batzuk egingo dituzte, Udalarekin batera. Izan ere, egun aprobetxatzen ez den lekua da lorategi hori eta erabilgarri jarri nahi dute eguraldi ona egiten duenean bazkideek han egoteko aukera izan dezaten.
Zuzendaritza aldatuta
Zuzendaritza batzordeko kide batzuk ere aldatu egin zituzten. Zuzendaritzatik atera dira Jose Ignacio Beristain eta Mari Carmen Otaola, sei urte egin ostean –bi epealdi–, eta Beatriz Larrañaga hiru urte eginda. Azken horrek, dena den, errepikatu egingo du karguan eta beste epealdi bat egingo du. Sartuko diren beste bi kideak Maria Jesus Moñux eta Jesus Elortza Gabilondo dira.
Zuzendaritzatik irten zein sartu diren kideendako esker hitzak ere izan ziren batzarrean, eta baita Jesus Mari Sebalendako ere, "elkarteari urte askoan eskainitako laguntza eta emandako aholku guztiengatik".
Horren haritik, deialdia ere egin zuen Iñaki Zabala lehendakariak zuzendaritzaren izenean: "Kolaboratuko duen jendea behar dugu, lanerako gogoa duena, ideia berriak ekarriko dituena; zuzendaritzan aritzea ez da zaila".