Amateur mailako ziklista onenak Gorlako maldetan izango dira domekan

Mireia Bikuña 2013ko martxoaren 22a

Domekan jokatuko dute Gorlako 39. ziklismo igoera. 10:00etan irtengo da tropela Bergarako San Martin plazatik. Lehendakari txapelketarako puntuagarria da eta 90 kilometro izango ditu.

Antolatzaileek amateur mailako ziklista onenak espero dituzte irteera puntuan. Besteak beste, Caja Rural taldeko Grijalba eta Salas, eta Lizarte taldeko Ramirez –iazko irabazlea– eta Pedrero. Irteera puntuan hainbat debagoiendar egongo dira.

Bi igoera 

Duela 11 urte Gorlako igoerako ibilbidea aldatu zutenetik –orduan Gorla behin igotzen zuten, Bergako San Martin plazatik irtenda–, apenas izan du aldaketarik probak. Bergaratik Osintxura joango dira ziklistak. Lehenengo kilometroak giharrak berotzeko aproposak izango dira –San Prudentziotik Zubillagara eta buelta–. Hala, orduan egingo dute Gorlako lehenengo igoera (41. kilometroa), 11:00ak aldera. Azkoitia-Aizpurutxo jaitsita tropelak Deskarga igoko du –mendiko sarirako ez da puntuagarria–, berriro ere Bergarara jaitsi eta bigarren igoerari ekiteko. Lehen ziklistak 12:15 alderako espero dituzte Gorlan. Sari banaketa ekitaldia helmugan egingo dute.

Uzarragako igoera

Gazteendako Uzarragako 39. igoera bihar jokatuko dute. 16:00etan Antzuolatik irtengo dira, eta Zubillagarainoko joan-etorria bi alditan eginda, Uzarragarako bidea hartuko dute txirrindulariek. Guztira, 80 kilometro egingo dituzte. Antolatzaileek 200 bat parte-hartzaile espero dituzte, horien artean, gazte.

Ziklistak heldu baino minutu batzuk lehenago itxiko dute Uzarragarako bidea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak