Taloak eta hamburgesatxoak
Eguerdi partean hamaiketakoa egiteko hainbat aukera izango dira. 11:00etatik aurrera, esaterako, Munibe plazan Label zigiludun euskal hanburgesatxoen dastatzea egongo da.
Taloak izango dira beste aukera. Jardun Euskara Elkarteak Seminarioko patioan talo postua jarriko du. "Bertan, talo goxoa dastatu eta herriko elkarteari laguntzeko aukera izango da", azaldu dute. Jardunetik bertara gerturatzeko gonbitea luzatzen diete herritar guztiei. Ataungo talogileak ere etorriko dira eta Frontoiak ipiniko dute postua.
San Martin plazara gerturatzen direnek denetariko artisautza postuak topatuko dituzte bertan. Seminarioan eta Ibargarain, urtero moduan, ganadua eta erremintak egongo dira eta elikadura postuak Simon Arrieta plazan eta Fraiskozuri kalean kokatuko dira. Udalak emandako datuen arabera, guztira 80 postu egongo dira ikusgai bihar.
Jardunen txorimalo lehiaketa
Txorimaloak izango dira azokako beste erakarpenetako bat. Jardunek antolatutako txorimalo lehiaketan aurten taldek hartu dute parte. Guztiak Ibargarai kalean egongo dira ikusgai 11:30etik aurrera. Sari banaketa 13:00etan egingo da.
425 lagun bazkaltzera
Herria Mugimenduak antolatutako bazkariak arrakasta izan du aurten ere. 425 txartel atera zituzten eta guztiak saldu dira dagoeneko. Patea eta txorizoa, oilaskoa eta Bergarako gozoak izango dituzte bazkaltzeko.
Puntako bertsolariak gaur
Festarako motorra berotzen joateko bertso saioa egingo dute gaur, egubakoitza, Udal Pilotalekuan. Anjel Peñagarikano, Amets Arzallus, Alaia Martin, Sustrai Colina eta Ainhoa Agirrezabalde igoko dira taula gainera. Gai-jartzaile lanetan bestetik, Josu Goikoetxeak jardungo du eta saioa 22:30ean hasiko da. Sarrera zortzi euro ordaindu beharko da.
Zirkulazioan aldaketak
Ibargarai kaleko 4. zenbakitik aurrera kalea kotxe barik egon beharko da bihar, zapatua, 06:00etarako. Erdialdean aparkaleku asko kenduko direnez, gaur arratsaldean eta bihar Ipintzako eta San Martin eskolako jolas tokiak zabalik utziko dira aparkaleku bezala erabiltzeko. Azkenik, Ibargarai, Fraiskozuri eta Bideberri trafikoari itxita egongo dira goizean zehar. Beraz, trafiko guztia bariantetik desbideratuko da. Udaltzaingoaren gomendio da garajea dutenek kotxea barrura sartzea eta ahal den neurrian erdialdera joateko kotxea ez erabiltzea.