700 herritar inguruk hartu du parte hondakinen bilketaren gaineko bileretan

Oihana Elorza Gorostiza 2013ko martxoaren 19a

Bilketa sistemaren aldeko eta kontrako iritziak entzun dira egindako zazpi bilera parte-hartzailetan. Han jasotakoak aztertuko ditu orain udalak eta erabakiak Aste Santu ostean jakinaraziko ditu.

Hondakinak gaika atez ate biltzeko sistemaren aurkako eta aldeko iritziak entzun ziren joan den martitzenean Labegaraietan egin zuten bilera parte-hartzailean. San Antoniotik Labegaraietara bitarteko auzotarrak zeuden deituta bilera horretara.

62 joan ziren, eta denek, elkar errespetatuz entzun zioten elkarri, baita udaletxetik eta Mankomunitatetik joandako ordezkariei ere. Jaione Isazelaia eta Ariane Kareaga zinegotziak izan ziren bilketaren inguruko datu orokorrak eman eta herritarren galdera eta zalantzak erantzuten eta argitzen aritu ziren udal ordezkariak.

Intimitatea eta tasak

Bilera horretara joan zirenetako asko pertsona nagusiak ziren, asko bakarrik bizi direnak, gainera, eta produktu konkretu batzuen gaineko galdera asko entzun ziren. Ezjakintasunetik galdetzen zuten batzuk, eta gaikako bilketa ondo egin nahi zutelako zalantzak argitzeko beste batzuk, gaizki egingo ote duten beldurrez.

Sistema honek intimitatea  urratzen duela adierazi zuten herritar batek, eta hori ez duela gustuko. Bilketa egingo duten langileak profesionalak izango direla erantzun zien Ariane Kareagak, eta ez direla poltsak zabaltzen hasiko, "gainera, esekitokietan badira kuboak sartzen ez diren kako txiki batzuk, horietan edozein bizilagunek eskegi dezake bere poltsa pixoihalekin edo konpresekin, inork ez du jakingo norena den bakoitza".

Bilketa modu honek zabor tasan zer onura izango duen ere galdetu zuten herritarrek. Mankomunitateko teknikariak erantzun zien horrela biltzen ez duen herriak igo egin beharko dituela tasak.

Edukiontzi gehiago

Bileraren azken zatian taldeka bildu ziren herritarrak, udalak egindako proposamenen inguruan iritzia eman eta erabakiak hartzeko. "Paper bilketa ondo egiten badugu orain, segi dezagun edukiontzitan batzen", zioen herritar batek. "Bai, baina, bi edukiontziak mantentzea erabakitzen bada, segimendu batzorde bat eratu beharko da, ondo edo gaizki egiten dugun ziurtatzeko", gaineratu zuen beste batek.

Taldeetako baten, adibidez, San Antonion eta Martokuan edukiontzi gehiago behar direla ere aipatu zuten, eta tuper-en erabilera sustatzearen alde agertu ziren, baita dendek janaria ontziratu gabe, soltean, saltzeko aukerak bultzatzearen alde ere. Ekarpen horiek ere jasota gelditu ziren.

------

Ariane Kareaga, zinegotzia: "Aste Santu ostean jakinaraziko ditugu erabakiak"

Zazpi bilera parte-hartzaile egin ditu Udalak. Han jasotakoak aztertuko ditu orain.

Zein da balorazioa?
Dinamika onean egin dira bilerak, berriketan, eztabaidan ... eta pozik gaude, balorazio positiboa egiten dugu.

Ze iritzi jaso duzue herritarrengandik?
Bileretako azken zatian iritziak eman eta erabakiak hartzeko tartea izan da, taldeka banatuta, eta hor eman da parte-hartzea. Bukaeran saioen gaineko balorazioa egiteko ere eskatu diegu, eta herritar askok egin dute balorazio pertsonal hori. Orokorrean onak dira.

Noiz hartuko dituzue behin betiko erabakiak?
Bileretan jasotako dena aztertuko dugu orain, eta Aste Santu ostean jakinaraziko dugu herritarrek zein sistemaren alde egin duten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak