Bergarako udalak turismo webgunea eta mugikorrerako aplikazioa ditu

Jone Albeniz 2013ko martxoaren 18a

Udalak hilaren 20an aurkeztuko ditu eta merkatariei gonbite berezia egiten diete. Eguaztenean, hilak 20, bergaraturismo.net webgunean eta Bergara Turismo mugikorretarako aplikazio berria aurkeztuko dituzte Udal gobernu gelan, 10:30ean egingo duten ekitaldian.

Udal arduradunak uste dute komertzioa duten herritarrendako erreminta interesgarriak izan daitezkeela eta horregatik, gonbite berezia egin nahi diete bertaratzeko eta izan ditzaketen ekarpenak egiteko.

Herria ezagutzera ematea

Udala lanean ari da azken boladan herrira bisitariak erakartzeko eta dagoen eskaintza turistiko zabalaren barruan Bergararendako gunea egiteko. Bergarak bisitariendako erakargarri egiten duten berezko hainbat ezaugarri dauzka: ondarea, kultura, natura...

Baina bisitarien esperientzia borobiltzeko, funtsezkoa da Udalarentzat horiek guztiak ezagutzera ematea eta herrian eskaintza sendo batekin indartzea. Hala, Udalak herria ezagutzera emateko oinarrizko erremintak garatzen dihardu. Oraingoz, turismora zuzendutako web orri berria eta mugikorretarako aplikazioa -Android Market-en eta ¡Phone-n doan lor daiteke- garatu ditu, bisitariei gure herriko eskaintza zabala aurkeztu eta ikusgarriago egiteko.

Parte garrantzitsua

Aplikazioan zein webgunean, herriko eskaintza zabala osatzen duten komertzioen berri ere jaso nahi dute: jatetxeak, tabernak. ostatuak, hotelak, landa-etxeak, kirol taldeak... Izan ere, Bergarak bisitariei eskaintzeko duenaren parte garrantzitsu direla uste du Udalak.

Inpresioak partekatzeko

Eguazteneko batzarrean sortu berri diren bi erreminta horiek nola funtzionatzen duten azalduko dute, eta aldi berean, komertzioetako ordezkarien iritziz hobetu daitezkeenak ere jaso nahiko lituzkete Udal arduradunek. Horrekin batera, Udalak eta herriko eragileek bertoko eskaintza turistikoa elkarrekin garatzeko zein turismoarekin lotura interesgarritzat jotzen dituzten beste hainbat gai tratatzeko aukera ere izango da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak