Euskal eta Saharar kulturaren arteko anaitzea Bergaran

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2013ko martxoaren 17a

Saharako emakumeei elkartasuna adierazi eta Saharako Errepublika Arabiar Demokratikoa aldarrikatzeko proposamena egin zuen Bubisher elkarteak Bergarako frontoian, zapatuan. Bergararrez gainera, gertu bizi diren Saharar asko han ziren, horietako asko emakumeak, euren bizipenak bertatik bertara azaldu eta euskaldunengatik jasotzen duten elkartasuna eskertzeko asmoarekin.

Haurrentzako jolasak izan ziren jaialdia hasteko, baita horrelakoetan ohikoa den tea hartzeko eta genazko tatuaiak egiteko haima ere. Bibi Andueza, Bubisher elkarteko kidea eta Yamila Dambar, Saharar aktibista igo ziren taularen gainera gero. Dambarrek, marokoar poliziak orain bi urte erail eta oraindik desagertuta dagoen anaiaren istorio gordina besteko erreala kontatu zuen; desagerpenak familian izan duen eraginaz jardun zuen malkoak ezin eutsita, besteak beste, aitaren heriotzaz. Mezu zuzen eta gogorrak bete-betean ukitu zituen frontoian zeuden guztiak.

Bestelako kolorea hartu zuen baina jaialdiak, Zestoako Leok'k musika taldearekin jarraian; dantzan jarri zituzten bertaratutakoak, horien artean, saharar emakumeak. Zestuarrek bi zatitan banatu zuten emanaldia: Taldearen Une bat diskoan batutako Sahararen aldeko aldarrikapen kantuekin hasi ziren eta euskaraz kantutako abesti anglosaxoi ezagunak jo zituzten gero, Eric Clapton eta Bob Dylan-enak, besteak beste.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak