Noiztik eta nondik datorkizu zaletasuna?
Multikirolean kirol asko probatu ostean, futbola gustuko nuela jabetu nintzen. Eskolako jolasorduetan ere, lagunak futbolean aritzen ginen. Duela 7 urte hasi nintzen jokatzen, 11 urterekin, hain zuzen. Kasu askotan, familiak bultzatuta aukeratzen da kirol bat; ez da nire kasua, gurasoak saskibaloian aritzen baitziren gaztetan.
Zein futbol talderekin jokatu duzu? Lorpen pertsonal nagusia?
Txikitan Bergara BKE futbol taldean eman nituen nire lehen pausoak eta herriko taldean aritu naiz aurreko urtera arte. Arrasateko Mondra CF taldeak fitxatu ninduen arte. Gaur egun, Mondra CF taldean nago; gustura asko, gainera. Bergara BKE utzi nuenean Eibarko taldetik deitu zidaten, baina Arrasaten jokatzen hastea erabaki nuen.
Lorpen pertsonalei dagokienez, Realarekin joan izana kanpora txapelketaren bat jokatzera. Aurreko urtean ere taldearekin entrenatzeko deitu zidaten, eta bertara gerturatu nintzen denboratxo batez.
Zein txapelketa irabazi dituzu ibilbidean zehar?
Bergara BKE infantilen taldean jokatzen hasi nintzenean, liga irabazi genuen eta Gipuzkoako lehenengoak geratu ginen. Urte berean, Euskal Herriko finalera heldu ginen; bigarren postua lortuta triste bueltatu ginen etxera. Ordutik aurrera, Bergarako taldearekin beste bi liga irabazi genituen. Gasteiz Cup moduko txapelketetan ere parte hartu izan dugu, eta bat edo beste irabazi.
Etxetik kanpo bizi zara. Zein talderekin eta non entrenatzen zara?
Leioan ikasten dudanez, Plentzian bizi naiz, eta hemengo herriko talde batekin entrenatzen naiz, astean bi aldiz. Ostiraletan, berriz, nire taldea den Mondra CFrekin entrenatzera bueltatzen naiz. Eta asteburuan partiduaren txanda izaten da.
Ze futbol zelaitan eta zein talderekin gustatuko litzaizuke jokatzea etorkizunean?
Lehen mailako talde batekin gustatuko litzaidake jokatzea, Athletic edo Reala moduko talde baten, alegia. Camp Nou zelaian gustura ibiliko nintzatekeela suposatzen dut. [Barre]
Lesio garrantzitsuren bat?
Aurtengo denboraldian, duela gutxi bueltatu naiz zelaira; bihurdura bat izan nuen ezkerreko orkatilan, eta hilabetez egon naiz geldi. Gainera, martxan jarri eta berriro berdina pasa zitzaidan. Hori da izan dudan lesiorik garrantzitsuena. Txikitan ere ez nintzen geldirik egoten, eta kolpe batzuk hartutakoa naiz, bai…
Anekdotaren bat?
Nire lehenengo partidua federatu gabe jokatu nuen, LHko 6.mailan. Bergara BKEko infantilekin entrenatzen nintzen eta Gasteizen jokatzen zen txapelketa batera eraman ninduten. Neure atean sartu nuen gola. [Barre]
Zer iritzi duzu emakume futbolarien egoeraz?
Oso zaila da inora heltzea. Ikasketengatik edo beste arazoren batengatik futbola baztertu behar den momentua iristen da ia beti; nesken artean, tamalez, askotan izaten den faktorea da. Futbolean jokatzeaz soilik ezin da bizi emakumezko bat; profesionalek, jokatzeaz gain, lan egiten dute, edo ikasi. Oso zaila da profesionalki biak uztartzea.
Kimika ikasten duzu. Zergatik aukeraketa hori?
Ez neukan garbi zer ikasi, eta batxilergoko ikasgaietatik gustukoena kimika zen; ondorioz, erabakia hartzea kostatu egin bazitzaidan ere, kimika ikasten hasi naiz. Gustura nabil.