Kirolarekin lotutako hainbat ekimenen berri eman dute asteon Jesus Elortza alkateak eta Lauri Askargorta Kirol zinegotziak eta Jaurlaritzako Osasun Saileko Maribel Larrañagak eta Xabier Murielek, BPxport enpresako kideak.
Adineko bergararrendako ibilbideen programa da ekimen horietako bat. Bergara Tipi Tapa...du izena, Udalak eta Jaurlaritzak elkarlanean abiarazi dute herrian, eta zailtasun handiko, txikiko eta ertaineko lau ibilbide jasotzen ditu.
Herriko kirol kontseiluaren ekimenez garatzen dabiltzan Bergarako Osasun Planaren barruan sartzen da programa hori, eta helburua da, batez ere, adineko bergararrak, osasuntsu mantentzeko kirola egitea: "Ariketa fisikoarekin eta harreman sozialekin, osasun fisikoaz gain osasun mentala ere lantzen dute, eta honen bidez, bizi-kalitatea", esan zuen Maribel Larrañagak, Jaurlaritzako Osasun Publikoko Gipuzkoako zuzendariordeak astelehenean egindako prentsaurrekoan.
Beheko taulan ikus daitezke ibilbideak eta ezaugarriak. Bestalde, ibilbideon gaineko Ibiltzea osasuna da... delako triptikoak eskuragarri jarriko dituzte bai herriko kirolguneetan, eta baita osasun zentroan ere. Horrekin batera, ibiltzeko ohitura bultzatzeko asmoz, martxo eta apirilean lau hitzordu zehaztu dituzte, monitore batekin batera ibiltzera ateratzeko. Hitzorduak irekiak dira eta 11:00etan abiatuko dira, Agorrosinetik.
Doako aholkularitza
Bestelako ekimenen artean, aurrerantzean, Agorrosinen azpikontratatuta dagoen BPXport enpresako monitore batek herritar guztiendako doako aholkularitza fisikorako zerbitzua ere eskainiko du Agorrosinen. 943 77 70 95 telefono zenbakira deitu behar da hitzordua hartzeko, eta horretarako formatzen ari den pertsona bat izango da herritarrei azalpenak emango dizkiena. Agorrosingo zein herriko gainerako kirolguneetako eta herriko kirol elkarteen inguruko informazioa emango du. Horrekin guztiarekin batera, pertsona bakoitzaren osasun egoeraren araberako kirol gomendioak ere emango ditu.
Aholkularitza hori astelehenetik eguenera 09:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara izango da; eta egubakitzetan, 09:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.