180.000 kilo janari banatu zituen iaz Bergarako elikagaien bankuak

Leire Kortabarria 2013ko martxoaren 14a

Debagoieneko eta beste eskualde batzuetako 33 erakunde edo elkarteren bidez, 2.560 laguni jaten ematen die Gipuzkoako Elikagaien Bankuaren Bergarako ordezkaritzak. 2012an, ohiko bideetatik 97.500 kilo pasa janari jaso zituzten, eta Azken Minutuaren bidez, 100.000 pasa. Denetara, 181.500 kilo janari baino gehiago banatu zituzten iaz.

Zifra horien berri eman du Bergarako elikagaien bankuak egunotan. Hain zuzen, apirilean beteko ditu bi urte. Hori dela eta, hitzaldi sorta bat antolatu dute arduradunek. Helburua da euren lana ezagutaraztea eta zerbitzatzen duen eremuan (Debagoiena, Debabarrena, Urola-Kosta/Iraurgi, Urola Garaia eta Goierri) ematen dituen zerbitzuen gainean informazioa zabaltzea.

Bi gai nagusi landuko dituzte: Zero xahubidea, Azken Minutua eta Gipuzkoako Elikagaien Bankuko eta Europar Batasuneko oinarrizko elikagaien banaketa. Anton Mendizabal Cristobal boluntarioak egingo ditu hitzaldiak honako egunetan: ikasleendako, martxoaren 19an, Miguel Altuna institutuan eta, 20an, Ipintzan, Aranzadin eta Gureak tailerretan; eta publiko orokorrarendako, hilaren 21ean, 18:30ean, Miguel Altuna institutuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak