Bizi arteko zigorra ezartzearen aurka azaldu dira hainbat bergarar ezagun

Eneko Azkarate Laspiur 2013ko martxoaren 13a

Bizi arteko zigorra ezartzen duen 197/2006 doktrina, "ez legezkoa eta eskubide urratzailea" dela adierazi eta doktrina horren kontra martxoaren 20rako antolatu den ekimenean parte hartzeko deia egin dute Bergarako esparru eta ideologia ezberdineko hainbat herritarrek. Bergarako Herrirak konbokatu ditu gaur hedabideen aurrean.

Deitzaileen artean daude Imanol Bolinaga alkate izandakoa edota Juanjo Arrieta eta Jose Luis Irazabal zinegotzi ohiak. Eta baita gaur egungo alkate Jesus Elortza edota Piti Unamuno eta Juanje Amasorrain zinegotziak. Haiekin batera hainbat herritar.

Martxoaren 20an Estrasburgoko Gran Chambre edo Areto Nagusiak, Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006 doktrinaren ebazpenari Espainiako gobernuak egindako berraztertze eskaeraren gainean behin betiko ebazpena hartuko du.

Horren aurrean, matxoaren 20an arratsaldeko 19:30ean Bergarako San Martin plazan egingo den elkarretaratzean parte hartzera dei egin dute gaur Herrirak konbokatu dituen espektro ideologiko askotako herritar horiek.

Jarraian duzue gaurko agerraldian hedabideen aurrean irakurri duten agiria, osorik:

"Martxoaren 20an Estrasburgoko Gran Chambre (Areto Nagusiak), Espainiako gobernuak Estrasburgoko Giza Eskubideen epaitegiak 197/2006 doktrinaren ebazpenari egindako berraztertze eskaeraren gainean behin betiko ebazpena hartzera doa. Hemen bildu garenok ondorengo deia zabaldu nahi diegu bergarar guztiei.

197/2006 doktrina derogatu: giza eskubideak errespetatu

Bizi arteko zigorra ezartzen duen 197/2006 doktrina ez legezkoa eta eskubide urratzailea dela adierazten dugu; Ez legezkoa da, legearen beste interpretazio bat eginez zigorraren atzera eraginkortasuna aplikatzen duelako. Eta eskubide urratzailea da, oinarrizko eskubidea dena (askatasunarena) urratzen duelako; presoarengan ondorio larriak (fisiko zein psikologikoak)eraginez eta bere ingurukoenen sufrimendua luzatuz.

Martxoaren 20a egun erabakigarria

Martxoaren 20an Estrasburgoko Sala Handiak Ines Del Rio euskal presoaren helegitearen gainean ebatzi behar du.  Martxoaren 20tik aurrera Areto Nagusiak ebatz lezakeenak zuzen zuzenean eragingo du Ines eta bere egoera berdinean aurkitzen diren gainontzeko euskal presoen egoeran. Horien artean Luis Mari Azkargorta bergararraren egoeran.

Luis Mari Azkargortak 16 urte espetxean pasa ondoren, 2003. urtean baldintzapeko askatasunean kaleratu zuten. Baina 2005. urtean bi urte gehiagorako zigorra erantsi zioten zigorra bere osotasunean bete zezan. Aldiz, 2006ean 197/2006 doktrina ezarri eta 2007tik kalean egon behar bazuen, egun 5 urte beranduago Zuerako espetxean dute preso. Eta Estrasburgoko Sala Handiak aurkakoa ez badio, 2018. urtera arte izango dute giltzapean.

Martxoaren 20a, giza eskubideak, konponbidea eta bakea hauspotzeko eguna

Martxoaren 20ko eguna, lehenaldiko politika ankerrak salatu eta salbuespenezko kartzela politika amaitzearen aldeko hauspoan bilakatu nahi dugu. Neurri politikoez haratago, giza eskubideak daude auzitan. Norabide horretan, sufrimendua eta ondorio larriak areagotu besterik egiten ez dituen bizi osorako zigorra (197/2006 doktrina) bertan behera utzi beharra dago. Gure ustez, Herri honek behar eta nahi duen bake eta konponbiderako urrats garrantzitsua izango baita.

Hortaz, Euskal Herrian bizi dugun itxaropen eta konponbide aukeren aurrean, Ines Del Rio, Luis Mari Azkargorta zein beste horrenbeste euskal presoen oinarrizko giza eskubideak urratzen, eta bere hurbilenekoenengan sufrimendua eta ondorio larriak eragiten dituen 197/2006 doktrinarekin amaitzea eskatzen dugu.

Manifestuaren aldeko elkarretaratzea, martxoaren 20an 19:30etan San Martin plazan

Gaurko agerraldian elkartu garenok, matxoaren 20an arratsaldeko 19:30ean Bergarako San Martin plazan burutuko dugun elkarretaratzera deitu nahi ditugu herritar guztiak. Elkarretaratzeak 15 min iraungo ditu. Tarte horretan, hemen gaudenok babesa eman diogun manifestua kaleratuko dugu; 197/2006 doktrinaren derogazioa eta Luis Mari Azkargortaren askatasuna eskatuz landu dugun manifestua. Bide batez, bertaratuko diren herritar guztiek izango dute Manifestuarekin bat egiteko aukera".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak