Kirola egitea sustatzeko hainbat ekimen abiarazi dituzte Bergaran

Txomin Madina Milikua 2013ko martxoaren 11

Bergarako Udaleko ordezkari Jesus Elortza alkateak eta Lauri Askargorta kirol zinegotziak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Maribel Larrañagak eta BPxport enpresako Xabier Murielek prentsaurrekoa eskaini dute gaur Bergaran kirolari buruzko hainbat ekimenen berri emateko. Adineko bergararrendako ibilbideen programa da ekimen horietako bat, baita herritar ororendako aholkularitza fisikorako zerbitzua ere.

Zailtasun handiko, txikiko eta ertaineko lau ibilbide jasotzen ditu bere baitan Bergarako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak elkarlanean abiarazi duten Bergara Tipi Tapa... programak. Herriko kirol kontseiluaren ekimenez garatzen dabiltzan Bergarako Osasun Planaren barruan sartzen da programa hau, eta helburua da batez ere adineko bergararrek, osasuntsu mantentzeko kirola egitea. Maribel Larrañagak, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoko Gipuzkoako zuzendariordeak, gaur goizean ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan esan duen legez, osasuntsu bai alde fisikoari dagokionez, baita harreman sozialei dagokienez ere: "Ariketa fisikoarekin eta harreman sozialekin, osasun fisikoaz gain osasun mentala ere lantzen dute, eta honen bidez, bizi-kalitatea".

Ibilbide hauen zehaztasunak eta aholkuak jasotzen dituzten triptikoak eskuragarri jarriko dituzte bai herriko kirolguneetan, baita osasun zentroan ere.

Aholkularitza zerbitzua

Baina ibilbide hauetaz gain, bestelako ekimenik ere jarri dute martxan Bergarako Udaletik. Hala, aurrerantzean, Agorrosinen azpikontratatuta dagoen  BPXport enpresako monitore batek herritar guztiendako doako aholkularitza fisikorako zerbitzua eskainiko du Agorrosinen bertan. Bertara deitu behar da hitzordua eskaintzeko, eta horretarako formatzen ari den pertsona bat izango da herritarrei azalpenak emango dizkiena. Besteak beste Agorrosinek zein Bergarako gainerako kirolguneetako informazioa zein herriko kirol elkarteen ingurukoa emango die aholkularia, baita pertsona bakoitzaren osasun egoeraen araberako kirol gomendioak eman ere.

Zerbitzu hau jasotzeko aurretik hitzordua egin behar da Agorrosinera bertara deituta. Zerbitzuaren ordutegia da Astelehenetik egubakoitzera 09:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Egubakoitzean 18:00etan amaitu da zerbitzua.

Ibilbideak taldean

Udaletik baina, taldean egiteko ibilbide osasuntsuak ere antolatu dituzte, edozein herritarrendako aproposak. Aholkulari bat izango da bertan, eta besteak beste, ibiltzeko orduan jarraitu beharreko gomendioak azalduko ditu. Martxoaren 19an eta 26an eta apirilaren 9an eta 16an izango dira ibilaldiok, 11:00etan eta Agorrosinen bertan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak