Emon: "Guretzat erronka handia izan da, ez genuen aurrekoaren jarraipenik egin nahi"

Jagoba Domingo 2013ko martxoaren 13a

Emon taldea 2007an sortu zen, eta 2010ean Piztu Herrian lehen lana kaleratu zuen. Disko horri esker Londresen edo Italian jotzeko aukera izan zuten. Oraingoan baina bigarren etapa hasi du Konfeti Kolore diskoarekin. Udan herri guztietako festetan bozgorailuetatik hauek entzutea normalena izango litzake, festarako disko borobila egin dute eta.

Emon birsortu egin ahal da?

Bai, aurretik egindakoarekin zerikusi handirik ez duen etapa berri bat hasi dugu. 2011an azken kontzertua eman ondoren, taldearen norabidea aldatzea erabaki genuen, azken urte hauetan musika asko entzun dugu eta elkarri ere asko erakutsi diogu. Hasieratik garbi geneukan disko koloretsua egin nahi genuela eta erritmo ezberdinak sartu nahi genituela. Taldekideen artean ere aldaketak izan dira. Aldaketa nagusia ahots nagusian izan da, Oihane Sarasolaren lekua Eneko Longartek hartu du. Bestetik tronpetan Andoni Larraza Oriotarra sartu da. Guretzat bigarren disko hau erronka handia zen, ez genuen lehenengo disko baten jarraipenik egin nahi. Orain sustraiak bota ditugu eta Emon bere soinura hurbildu da.

Nolakoa izan da grabazioa?

Diskoa Mutrikuko AME estudioan grabatu dugu Axular Arizmendiren gidaritzapean 2012 urtean zehar. Lehenbizi 9 abesti grabatu genituen udaberrian, eta udazkenean, beste 3 abesti grabatu genituen. Beraz, hilabete asko eman ditugu estudioan lan gogorra egiten; hala ere, asko gozatu dugu, teknikariaren eta taldearen arteko sintonia oso ona izan delako hasieratik.

Baina diskoa nahi baino beranduago kaleratu da.

Bai, gure ideia Konfeti Kolore 2012ko udazkenerako kaleratzea zen, baina kontratu bat zela medio, ezinezkoa izan zen. Hala ere, gerora taldearentzat ona izan dela konturatu gara, beste hiru abesti grabatzeko denbora izan dugu eta.

Produkzioa landu duzuela ikusten da.

Bai, garrantzia handia eman diogu eta detaile bakoitza lupaz begiratu dugu, nolabait esateko gure buruarekin zorrotzagoak bihurtu gara, baina hala behar zuen. 12 abesti daude diskoan baina beste batzuen artean aukeraketa egin behar izan dugu. Horrez gain disko honetako kantuak egiterako orduan lan egiteko era aldatu dugu. Lokalean ordenagailu bat sartu dugu eta laguntza handia izan da. 

Beraz ordu asko daude emaitzan.

Kontuan hartu behar da, gu honetatik ez garela bizi eta gure denbora libretik atera behar izan dugu denbora. Lanetik irten eta ordu txikiak arte lokalean sartuta, asteburuak furgonetan... baina proiektuan erabat sinisten dugu.

Zeintzuk dira aurreko diskoarekin ezberdintasunak? Zeintzuk dira kantuak egiteko orduan erreferente edo eragin?

Abesti batzuk kutsu latinoagoa daukate. Runba kutsuko abestiak ere badaude, reggae lasai bat...Emon erritmo anitzetan murgildu da abestiz abesti. Letrak egiterako orduan bertsolarien laguntza izan dugu. Iratxe Ibarra, Maialen Arzallus, Jokin Uranga, Iñaki Gurrutxaga eta Itsaso Paiak parte hartu dute. Kukutzaren gaia lantzen duen abestian, guretzat erreferente diren La Pegatina taldeko Adria eta Rubenek parte hartu dute. Beste bi kolaboratzaile ere izan ditugu, Kike (gitarra) eta Oier Ponce (pianoa). Eraginak hainbat taldetan dauzkagu: Manu Chao, Orishas, Muchachito Bombo Infierno...

Single-ak Euskal Herriko jai guztietan eta irrati askotan entzuteko aukera asko ditu, botoi zuzenarekin eman duzue?

Ez dut uste botoi zuzenik dagoenik, guk lan hau asko mimatu dugu eta jendearen gustuko bada gu kontent. Ez dago erreza kontua, euskal musikak gero eta leku murritzagoa dauka, prentsa idatzian, irratian, telebistan... Euskal Herriko zenbait lekutan oraindik duela 20 urteko musika bakarrik entzuten da!

Disko hau Baga Biga-rekin kaleratu duzue, saltoa emateko momentua dela uste duzue?

Hainbat aukera aztertu ondoren, Baga-Bigaren proposamena interesgarria iruditu zitzaigun. Esperientzia handiko jendea da eta hasieratik guregatik egin zuten apustu. Lan egiteko beste modu bat ezagutzen gabiltza, modu profesionalago bat. Lehenengo diskoan agindu zigutenaren %10a ere ez zuten bete, diskoen Royalti-ak ez ditugu jaso... Baga-Bigak diskoa kaleratzeaz gain gure management-aren ardura ere izango du. Lana asko errazten digu diskoetxe bat atzetik izateak, disko bat ateratzeak lan asko baitauka: promozioa, zuzenekoen antolaketa, prentsa...

-----------------

Zertzelada (Iker Barandiaranek)

Osintxun eta Bergaran sustraiak dituen talde honek gero eta kolore –musika estilo- gehiago batzen ditu bere koktelera handian. Hastapenetako trikia hor dago oraindik, tronpeta eta tronboiak jantzitako ska-rockak ere bai, baina lan honetan rumbak, cumbiak, itsaso bestaldeko doinu beroek eta baita hip-hop eta raggamuffiak ere bere lekua aldarrikatu dute. Taldeak gaztetasuna, umorea eta jarrera positiboa barra-barra transmititzen du eta euskarazko mezuei gaztelera batu diete mestizajea areagotzeko. Bitxikeria moduan, bada trikiaren hauspoa elektronikara hurbiltzeko pieza bat, Kukutza eta Gaztetxeen aldeko pieza biderkatzailea eta txosnei omenaldia egiteko kantu bat ere.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak