Hari horri jarraituz, Bergaran eta Maltzagan egin dituzte grabaketak asteburuan. Grabatu dituzte frankistak Bergaran sartzen, San Migeletik San Antoniora bidean; Artekalen egindako barrikada bat eta bertan gerarazitako errepublikar baten fusilaketa, frontoi batean; egun Batzokia dagoen tokian garai baten zegoen Ariznoa Eusko Ikastolako liburuen erreketa; preso osintxuarren trasladoa eta fusilatzea eta ihes egin zuen euretako baten pasadizoak. Puntu horretan utzi zituzten grabaketak asteburuan, baina oraindik ez dute bukatu, beste bi grabaketa egitea falta zaie.
Aste honetan egin asmo zituzten grabaketa horiek, baina eguraldi txarra iragarri dutela-eta hilaren 23 eta 24ko asteburura atzeratzea erabaki dute.
Urtetako lanaren jarraipena
Urte dezente atzera Bergaran hasitako ibilbidearen jarraipena da esku artean duten lana: talde ireki bat sortu zuten herrian, erakusketa egin, testigantzak batzeari ekin eta artxiboko lanarekin jarraitu. Uneotan ikus-entzunezkoarekin dabiltza buru-belarri: ordubete inguruko iraupena izango eta asmoa da Bergarako jaietan aurkeztea. Eta behin hori eginda, liburu baten batu gura dute egindako lan guztia 2015erako.
Liburuak baino lehen ikus-entzunezkoak ikusiko du, baina, argia. 40 bat lagunek diardute lanean, eta 30 figurante inguru izan dira; bergararrak dira batez ere parte hartu dutenak, eta osintxuarrak asko.
Osintxun, hain justu, sekulako ikusmina eragin dute grabaketek.